Gizartea -
Abenduaren 21ean
233 saltoki Donostian, San Tomas azoka girotzeko
'Engraxi' txerria eta euskal baserritarren eta ekoizleen produktuak izango dira protagonista.
Agentziak | Erredakzioa
Konstituzio Plazan ikusgai izango den 'Engraxi' txerria eta euskal baserritarren eta ekoizleen jaki goxoak eskainiko dituzten 233 postu edo saltokiak. Horiexek izan dira Donostian aurtengo San Tomas azokaren protagonistetako batzuk.
Azokaren egitaraua eta abenduaren 21erako jarriko dituzten bitartekoak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan. Alfonso Gurpegui Festa Jardueretako zinegotziak azaldu duenez, 233 postuetako 54tan txistorra salduko dute; 16tan, taloa, eta beste hainbeste izango dira gozogintzari eta gaztagintzari eskainita.
Gipuzkoa, Sarriegi, Konstituzio eta Okendo plazetan eta Elkano eta Txurruka kaleetan paratuko dituzte postuak.
Landa sektoreari eta euskal kulturari eskainitako ekitaldi ugari ere izango dira, besteak beste, kontzertuak, haurrentzako tailerrak eta hainbat lehiaketa (txistor, ezti, txorimalo eta fruta eta barazki lehiaketak, esaterako).
Zirkulazioa eta hondakinak
Astelehenean, eta azoka dela eta, hiriko autobus batzuen ibilbidea aldatu eta Gipuzkoa plazako geltokiak kenduko dituzte. Dena dela, garraio publikoa erabilita, jai-giroaren erdigunera (Boulevard) hurbildu ahalko dira bizilagun eta bisitariak.
Horrez gain, eta San Tomas jasangarriagoa egin nahian, 45.000 edalontzi berrerabilgarri banatuko dituzte postuetan.