Gizartea -

Gdeim Izik

Marokok zortzi abokatu kanporatu ditu preso sahararrak babesteagatik

Martxoaren 1etik gose greban dagoen Gdeim Izik taldeari babesa agertzeko Rabatera joandako ziren zazpi juristak.

Mohamed VI Marokoko erregea, artxibozko argazki batean. EFE
Mohamed VI Marokoko erregea, artxibozko argazki batean. EFE
Mohamed VI Marokoko erregea, artxibozko argazki batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marokoko Gobernuak atzerriko zortzi abokatu herrialdetik kanporatu ditu, Gdeim Izik preso saharar taldeari emandako babesa dela eta. Legelarietatik bostek espainiar nazionalitatea dute, beste bik frantsesa, eta beste batek, Belgikakoa.

Juristak asteazkenean heldu ziren Rabatera, martxoaren 1etik gose greban dauden preso sahararrei babesa adierazteko antolatutako kanpaina baten baitan.

Rabateko gobernu zibilak ohar batean nabarmendu duenez, "haserrea sorraraztea eta ordena publikoaren kontra egitea" zuten asmo abokatuek, eta hori dela eta, atxilotu eta herrialdetik kanporatzea erabaki dute.

Abokatu taldea preso sahararren aldeko Nazioarteko Kolektiboak bidalitako ordezkaritzaren partaide dira. Zortzi lagunak asteazken arratsaldean atxilotu zituzten, eta ordudanik, Marokoko Poliziaren zaintzapean izan dira, herrialdetik kanporatu dituzten arte.

Ordezkaritza honek salatu duenez, Gdeim Iziko kanpalekuko preso dauden sahararrak pairatzen ari diren egoera kritikatzeko prentsaurrekoa eskaini behar zuten Rabaten, eta bezperan atxilotu zituzten. "Marokoren jarrera demokraziaren kontrakoa eta diktatoriala da", salatu dute.

Gdeim Izik Taldean 13 preso saharar daude. Gdeim Izik kanpalekuan 2011n izandako istiluetan atxilotu zituzten, eta 2013an, 25 urteko eta biziarteko zigorrak ezarri zizkien epaitegi militar batek. Martxoaren 1etik gose greban daude 13 presook berme juridiko guztiak dituen epaiketa berri bat eskatzeko.

Espainiako Atzerri Ministerioa, azalpen eske

Bien bitartean, kanporatutako bost espainiarren egoeraz azalpenak eskatu dizkio Espainiako Atzerri Ministerioak Marokok Madrilen duen enbaxadari. Horrez gain, kezka agertu du bost lagunen berme eta eskubide juridikoak errespetatzen ari ote diren.

Bost abokatuak Kanarietakoak, Andaluziakoak eta Aragoikoak dira.

Iturri diplomatikoen arabera, Espainiak Rabaten duen enbaxada zein Rabateko kontsula egoeraren jakitun dira "lehen unetik", eta ordudanik hainbat izapide egin dituzte egoera argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Munduko albisteak Espainia bideoak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Fronte Polisarioa albisteak Rabat gaur