Gizartea -
Hilketa matxista Mungian
Epaimahaiak errudun jo du Joseba Andoni Agirre, Andina hiltzeagatik
Hilketa delitua ez ezik, tratu txarrak sarri eman izana eta biktimaren etxean indarrez sartu izana ere egotzi dizkiote.
Agentziak | Erredakzio
Herri-epaimahaiak errudun jo du Joseba Andoni Agirre, Andina Pereira neska-lagun ohia 2014ko martxoaren 17an hiltzeagatik, Mungian. Hilketa delitua ez ezik, tratu txarrak sarri eman izana eta biktimaren etxean indarrez sartu izana ere egotzi dizkio epaimahaiak akusatuari. Erabakia aho batez hartu dute epaimahaia osatzen duten kideek.
Krimena 2014ko martxoan jazo zen, Mungian; orduan, Fiskaltzaren idazkiaren gainean, akusatua biktimaren etxera joan zen (aurreko hilabeteetan, dagoeneko, ez ziren elkarrekin bizitzen), eta sartu zen, neskalagun ohiak nahi ez bazuen ere; horretarako, aurretik lapurtutako giltzak erabili zituen.
Akusatuak plantxaren kablea jarri zion lepoaren inguruan, heriotza eragin arte, eta, gerora, etxetik alde egin zuen. Medikuek xedatu zuten biktimak itotzeak eragindako asfixia mekaniko batekin erlazionatutako enzefalopatia sekundario bat jasan zuela, eta horren ondorioz hil zela.
Joseba Andoni Agirre, aldiz, esan zuen epaiketan Andina Pereira hil izana, eta errugabea dela aldarrikatu zuen: "Oso gogorra da kartzelan egotea maite duzun pertsona hiltzea eragotzita".
Hiru eguneko epaiketa
Agirreren kontrako epaiketa apirilaren 6an hasi zen Bizkaiko Probintzia Auzitegian, eta hiru egun iraun zuen. Epaimahaiak astelehenean, apirilaren 11n, jaso zuen hilketa argitzeko galdera sorta, eta ordutik egon da eztabaidatzen. Ebazpena eskuan, akusatuari jarri beharreko zigorra erabaki beharko du orain Angel Gil epaileak.
Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, eta hiru delitu egotzi dizkio Joseba Andoni Agirreri: hilketa delitua, tratu txarrak sarri eman izana eta biktimaren etxean indarrez sartu izana.
Epaia irakurrita, akusazio partikularrak berretsi du 19 urte eta erdi eskatzen dituela akusatuarentzat (15 urte homizidioagatik, hiru tratu txarrak eragiteagatik eta urtebete eta erdi etxean indarrez sartzeagatik. Gainera, 250.000 euro eskatzen ditu, ardura zibilagatik.
Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak 15 urteko espetxe zigorra eskatu dute.
Defentsak eskatu du ez diezaiotela jarri zigorrik larriena
Bestalde, defentsak eskatu du ez diezaiotela jarri hilketa delituagatik eta tratu txarrak etengabe emateagatik ezar diezaioketen zigorrik larriena.
Azkenik, epaileak, fiskaltzak eta akusazioek esan dutenean prebentzio-kartzelan jarraitzearekin ados daudela, erabaki du auzia epaiaren zain dagoela.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.