Itxi

Gizartea

Gastronomia

Eneko Atxak 2015eko Sukaldebururik Onenaren Sari Nazionala eskuratu du

agentziak | erredakzioa

2015eko Sukaldeburu Onenaren Gastronomia Sari Nazionala eman diote Larrabetzuko Azurmendi jatetxearen jabeari, Eneko Atxari.

2015eko Sukaldeburu Onenaren golardoa eman diote, gaur, hiru Mitxelin izar dituen Azurmendi (Larrabetzu) jatetxeko Eneko Atxari, Gastronomiaren Espainiako Errege Akademiak jakinarazi duenez.

Sari honekin, sukaldari bizkaitarraren "sustraidun sukaldaritza" aintzatetsi nahi izan du Gastronomiaren Akademiak, "euskal errezeta tradizionalak berrinterpretatu baititu sormenaren, jasangarritasunaren eta Azurmendi dagoen ingurunearen errespetuaren arteko elkarrizketa ezartzen duten errezetekin".

Aurretik golardo hori jaso zuten Juan Mari Arzak (1974, lehen irabazlea), Pedro Subijana (1979), Hilario Arbelaitz (1991), Martin Berasategi (1996), Andoni Luis Aduriz (2002) eta Elena Arzak (2010).

Orain dela gutxi, gainera, munduko bigarren jatetxerik onena aukeratu zuten Azurmendi.

Eneko Atxa 1977an jaioa zen, Amorebieta-Etxanon (Bizkaia). Azurmendi jatetxetik gertu Prêt À Porter Bistroa dauka eta Tailandiako Phuket irlan Aziamendi jatetxea ireki berri du. Gainera, uda honetan Londresen One Aldwych jatetxe berria zabaltzeko asmoa dauka. Iaz Gastronomia Sari Nazionaleko finalisten artean izan zen ere, baina Maria Martek (Madrilgo Club Allard) lortu zuen saria orduan.

Sariak banatzeko ekitaldia datorren astelehenean ospatuko da, ekainaren 6an.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena