Gizartea -

Askatzea

Kooperanteak, Mali eta Burkina Faso arteko mugaruntz

Hala jakinarazi du Sahara Media webguneak Maliko iturriak aipatuta. 14:00ak baino lehenago albistea baieztatuko dela espero du Barcelona Accio Solidaria GKEk.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Roque Pascual eta Albert Vilalta kooperante kataluniarrak, Magreb Islamiarreko Al Kaidak azaroaren 29an atxilotutakoak, Mali eta Burkina Faso arteko mugara bidean dira, Sahara Media webguneak Maliko iturriak aipatuta jakinarazi duenez.

Bidaia egiten duten bitartean bahitzaileen kontrolpean izango omen dira eta Espainiako Gobernuak "askatzeko prozesua teknikoki" hasi dela aitortu du.

Datozen orduetan kooperanteak bitartekari espainiarren esku utziko dituztela espero du Gobernuak, eta orduan izango dute egoera kontrolpean.

Sahara Mediaren arabera, Mali eta Burkina Faso arteko mugan daude Espainiako Gobernuaren bitartekariak, Mustafa Imam Shafi bitartekari eta Burkina Fasoko presidentearen laguntzailearekin batera. Shafi izan zen Alicia Gamez (Vilaltarekin eta Pascualekin batera bahitu zuten) martxoaren 10ean askatu zuena.

Aldi hartan, Burkina Fasoko Armadak helikoptero bat bidali zuen Gamez jaso eta Uagadugura, herrialdeko hiriburura, eramateko.

14:00ak baino lehenago baieztatzea espero dute

Barcelo Accio Solidaria GKEk 14:00ak baino lehenago albistea baieztatuko dela espero du.

Francesc Osan Barcelona Accio Solidariako zuzendariak "zuhurtzia" eskatu du Roque Pascual eta Albert Vilalta azaroaren 29an bahitutako kooperanteen askatzea ofizialki baieztatzen duten arte.

Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean azaldu duenez, "itxaronaldi estua" ari dira pasatzen Espainiako Gobernuak askatzea baieztatu arte. Era berean, Osanek gezurtatu egin du Albert Vilaltak emazteari deitu ziola.

Dena dela, gaiak "itxura ona" duela esan du eta ba omen dirudi Magreb Islamiarreko Al Kaidak inoiz egin duen bahiketa luzeena, 267 egunekoa, amaitu dela.

Gobernua, zuhur

Diego Lopez Garrido Europar Batasunerako Estatu idazkariak uste du "amaiera arte" eraman behar dela Roque Pascual eta Albert Viraltaren askatzearen inguruan Espainiako Gobernuak izan duen "muturreko zuhurtzia".

"Nik zuhurtzia jarrera horrekin egiten dut bat, eta Gobernuak baieztapen ofiziala emateko lanean ari da", Garridok azaldu duenez.

Al Arabijak zabaldu zuen albistea

Al Arabija telebistak eman zuen atzo albistea. Esandakoaren arabera, Magreb Islaimiarreko Al Kaidak Roque Pasqual eta Albert Vilalta kooperanteak askatu egin ditu. Hala ere, Espainiako Gobernuak ez du oraindik askapenaren baieztapen ofizialik.

Maliko iturri ofizialek baieztatu egin dute

Maliko iturri ofizialek, anonimatuari eutsiz, Albert Vilalta eta Roque Pasqual kooperanteak libre utzi dituztela konfirmatu dute. Bi kooperante katalanak azaroaren 29an bahitu zituen Magreb Islamiarreko Al Kaidak.

"Askatu dituztela baieztatzen dugu", esan dio Maliko iturri ofizial batek Reuters albiste agentziari, baina xehetasun gehiagorik eman gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea