Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Ana Belen Jimenezen senarra kartzelatu dute, hilketa aitortu eta gero
Polizia Nazionalak autoz eraman du gizona Miranda Ebrotik Gasteizera, eta epailearen aurrean deklaratu ondoren, Arabako kartzelara bidali du magistratuak.
Agentziak | Erredakzioa
Ana Belen Jimenezen senarra espetxeratzeko agindua eman du Gasteizko epaitegi batek, hilketa egotzita. Gainera, sumario-sekretua altxatu du, iturri judizialek baieztatu dutenez.
Polizia Nazionalak hiltzailea Miranda Ebrotik (Burgos) Gasteizera eraman du gaur. Gasteizeko epailearen aurrean deklaratu ostean, Arabako espetxera eramateko agindua eman du.
Krimenaren berri iragan asteartean eman zuten. Miranda Ebroko bizilagun batek emakumearen gorpua odoleztaturik aurkitu zuen auto baten barruan.
Egun horretan bertan polizia nazionalak Gasteizera joan ziren, eta hildakoaren senarra atxilotu zuten Mercedes Benz lantegian. Bikotea banantzeko zorian zegoen.
Gorpua Miranda Ebron agertu zenez, akusatua bertako polizia-etxera eraman zuten eta emaztea hil izana aitortu zuen asteazkenean. Antza denez, Turiso (Lantaron, Araba) herri txikiko etxean hil zuen.
Gorpua Turisotik Mirandara eraman zuen, 15 kilometrora, eta ondoren lanera garaiz iritsi zen, Gasteizko Mercedes lantegiko arratsaldeko txandan.
Krimena Araban gertatu zela ikusita, Mirandako argibideetako epaitegiak Gasteizkoaren esku utzi zuen auzia.
Langraizera
Polizia Nazionalak akusatua autoan eraman du Miranda Ebrotik Gasteizera goizean, eta epailearen aurrean deklaratu ondoren, Langraiz Okako kartzelara bidali du magistratuak.
Clara Campoamor Elkarteak herri akusazioa izateko eskaria egin eta akusatuaren aurkako zigorrik handiena eskatzeko asmoa du.