Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Gasteizko sexu-erasoagatik atxilotutako bost lagunetatik hiru, espetxera

18 eta 25 urte bitarteko lau gizon atxilotu zituzten ostiralean, sexu-erasoa eta indarkeriaz egindako lapurreta egotzita.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sexu-erasoa eta indarkeriaz egindako lapurreta delituak leporatuta ostiralean Gasteizen atxilotutako bost gizonetako hiru kartzelara bidali ditu epaileak, laugarrenari urruntze agindua ezarri dio eta bosgarrena Espainiako Poliziaren esku utzi du, legez kanpoko egoeran dagoelako.

Erasoa ostiral goizeko zazpietan gertatu zen Gasteizko atari batean. Antza denez, emakumea eta berarekin zihoan lagun bat taberna batetik ateratzen ari zirela, azken horren ezagun batzuekin egin zuten topo. Gerora, emakumea atari batean sartu zuten eta kreditu txartela, nortasun agiria eta dirua lapurtzeaz gain, ukituak egin zizkioten. Emakumearekin zihoan laguna erasoa geldiarazten saiatu zen, baina ez zuen eragozterik lortu eta, gainera, eraso egin zioten.

Ustezko erasotzaileetako lau ostiralean bertan atxilotu zituzten: bi, erasoa gertatu eta gutxira, eta beste biak, berriz, Udaltzaingoak bilaketa operazioa abiatu ondoren. Bosgarren atxilotua larunbat goizaldean atxilotu zuten lapurreta egitea leporatuta.

Elkarretaratzea deitu dute astearterako Gasteizen, azken eraso matxista salatzeko

Gasteizko Udalak gaitzetsi egin du ostiralean emakume batek jasandako sexu-erasoa, elkarretaratzea deitu du bihar eguerdirako, eta biktimaren esku jarri ditu Udalaren zerbitzuak.

Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatu du. Udalak 15 minutuko kontzentrazioa deitu du bihar eguerdirako, "Gasteiz, eraso matxisten aurka" lelopean. Gainera, mugimendu feministak deitutako ekitaldi guztietan parte hartuko duela adierazteaz gain, horietan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

__________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Tratu txarrak Araba Delituak azken ordukoa Gizartea albisteak Gasteiz albisteak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa gaur Espetxeen azken ordukoa