Gizartea -

Epaiketa Gasteizen

Rosa Lidiaren hiltzailea zigortzea eta matxismoaren aurrean zorroztasuna eskatu dute

Ministerio Publikoak eta Estatuko Abokatutzak 20 eta 25 urteko eskaerak egin dituzte, hurrenez hurren. Bien bitartean, akusatu bakarrak, biktimaren bikotekide ohiak, errugabea dela esan du.

EiTBren bideo batetik, epaiketaren azken egunetik, hartutako irudia.
EiTBren bideo batetik, epaiketaren azken egunetik, hartutako irudia.
Rosa Lidiaren hilketaren epaiketa amaitu da Gasteizen

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rosa Lidia de la Cruzen hiltzailea zigortzeko eta indarkeria matxistaren aurrean gizarteari "mezu zorrotza" bidaltzeko eskatu dio Arabako Fiskaltzak epaimahaiari. Gasteizen 2014an Bugatti tabernako jabea hiltzea egotzita, bere bikotekide ohiaren kontrako epaiketa egin dute azken hamar egunetan.

Arabako Probintzia Auzitegiko gaurko azken saioan, azken ondorioak aurkezteko eguna izan da. Rosa Lidia de la Cruz, 42 urte, 2014ko azaroaren 1ean hil zuten Gasteizko Pilar auzoko bere etxebizitzan.

Ministerio Publikoak eta Estatuko Abokatutzak 20 eta 25 urteko eskaerak egin dituzte, hurrenez hurren, hilketa delitua leporatuta. Akusatuaren defentsak, ostera, absoluzioa eskatu du.

Gaurko saioan, aldeek beren ondorioak aurkeztu dituzte. Akusatuak, epaiketako lehen saioan egin bezala, bere errugabetasuna berretsi du eta laster "errudunak" aurkituko dituztenaren itxaropena agertu du.

Hala ere, fiskalaren eta Estatuko Abokatutzaren ordezkariaren iritziz, akusatuak hil zuen biktima, nahiz eta haren kontrako froga zuzenik ez izan eta hilketa egiteko arma aurkitu ez. Aitzitik, bere kontrako "hainbat zantzu" daudela azpimarratu dute. Azaldu dutenez, bizilagunek soinuak eta oihuak entzun zituzten 04:20ak eta 05:30ak bitartean, akusatuek hilketa kokatzen duten denbora tarte horretan. Bizilagunek deklaratu dutenez, "zergatik egiten didazu niri hau" esan zion biktimak akusatuari. Gainera, akusatuaren DNA aurkitu duten biktimaren azkazaletan, zapi batean eta garbigarri batean; azken kasu horretan biktimaren eta akusatuaren odola nahastuta zegoen.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Araba Epaiketak argazkiak Gizartea Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa Mundu matxista