Gizartea -
Eguraldia Bilbon eta Donostian
Zerua hodeitsu eta tenperatura fresko, San Tomasen
Hodeiak ugaritzen joango dira egunak aurrera egin ahala, baina ez dute ondoriorik utziko.
EITB.EUS
Urtero bezala, milaka pertsona bilduko dira abenduaren 21ean Bilbora eta Donostiara, San Tomaseko azoketara. Iragarpenaren arabera, eguraldiak, euriak bederen, errespetatu egingo du Gabon aurreko jai herrikoia.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, oso antzeko eguraldia izango da ostegunean Bilbon eta Donostian; gorabehera bakarra tenperatura maximoetan egongo da.
Hori horrela, hotz abiatuko dute eguna bi hiriburuetan. Tenperatura minimoak 4-5 ºC-koak izango dira. Zeruan hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, baina egunak aurrera egin ahala, gehiago estaliko da zeru-sabaia. Dena dela, ez da euririk espero. Beroenak 11 ºC inguruan egongo dira Donostian, eta gradu bat gorago (12 ºC), Bilbon.