Gizartea -
Barakaldo
Udala eta Clara Campoamor elkartea herri akusazio, adingabearen bortxaketaren auzian
Bi eskari egingo dizkiote epaileari: akusatuei biktimarengandik urruntzeko agindua ezartzea eta zigorra berrikustea adin-nagusitasuna lortzen dutenean.
EITB.EUS
Barakaldoko Udala 2017ko abenduaren 30ean herrian neska adingabe batek pairatutako talde bortxaketaren auzian pertsonatuko da Clara Campoamor elkartearekin batera.
Hala iragarri dute prentsaurrekoan Amaia del Campo alkateak eta Blanca Estrella Ruiz Clara Campoamor elkarteko presidenteak.
Alkateak iragarri duenez, "neska adingabearen eskubideak defendatzea" dute helburu erabakiarekin. Horren ildoan, jakinarazi du bi eskari egingo dizkiotela epaileari. Batetik, ustezko lau bortxatzaileei urruntze agindua ezartzea zigorrak dirauen artean. Bestetik, akusatuak adinez nagusi direnean zigorra berrikustea, "oso-osorik betetzen dutela bermatzeko".
"Garrantzitsua iruditzen zaigu biok elkarrekin jardutea adin txikiko horren eskubideak ahalik eta gehien defendatzeko; ahalik eta babestuen egon behar du", adierazi du Del Campok.
Hala, lau akusatuei ezartzen dieten zigorrak dirauen artean biktimarengana ez hurbiltzeko agindua eskatuko diote epaileari. Del Campok gogorarazi duenez, gazteetako bi Zumarragako adingabeen zentroan daude jada, eta beste biak gaur joan dira Fiskaltzaren aurrera.
Halaber, akusatuek adin-nagusitasuna lortzen dutenean, zigorra berrikusteko eskaria egingo diote epaileari, "oso-osorik betetzen dutela bermatzeko". Izan ere, Del Camporen hitzetan, mutilek 18 urte dituztenean "baliteke epaileak aske uztea", "horixe saihestu nahi dugu, erne egongo gara", erantsi du.
Bestalde, Blanca Estrella Ruiz Clara Campoamor elkarteko presidenteak azaldu duenez, lege aldaketa eskatuko du Kongresuan sexu-erasoengatik zigortutako adingabeek, adin-nagusitasuna lortuta, zigorra kartzela arruntetan betetzeko. Hala gertatzen da Europako beste herrialde batzuetan ere, azaldu duenez.
________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.