Gizartea -
Zezenak Gasteizen
Gasteiz, zezenketarik gabe bigarren urtez
Iaz bezala, baliteke bigantxak eta haurrentzako ikuskizunak egotea zezenketen ordez.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Andre Maria Zuriaren 2018ko jaietan ez da zezenketarik egongo elkarren segidako bigarren urtez, ez baita enpresa bat ere aurkeztu horiek antolatzera.
Estibaliz Canto Kultura zinegotziak astelehen honetan prentsaurrekoan jakinarazi duenez, Udalak ez du eskaintza bat ere jaso zezenketak antolatzeko, eta hortaz, "lehiaketa publikoa hutsik gelditu da".
Asteazkenean berretsi beharko dute egoera kontratazio mahaiaren bileran, baina Cantok berak iaz egindako gauza bera proposatu du: "deialdi berri bat ateratzea beste motatako ikuskizunak antolatzeko".
Hori izan baitzen 2017an egin zutena; Andre Maria Zuriaren jaietan bigantxak eta haurrentzako ikuskizunak izan ziren Iradier Arenan eta, antza, hori izan liteke aurtengo aukera. Hala ere, erabakia ez dago oraindik hartuta.