Gizartea -

GABRIEL CRUZ KASUA

Epaileak ostegunera arte luzatu du Ana Julia Quezadaren atxiloaldia

Antza, izapide berriak egin nahi dituzte. Ito baino lehen, Quezadak ustez umeari kolpea emateko erabili zuen aizkora aurkitu du Guardia Zibilak.

Angel Cruz, Gabrielen aita, eta Ana Julia Quezada. Artxiboko argazkia: EFE
Angel Cruz, Gabrielen aita, eta Ana Julia Quezada. Artxiboko argazkia: EFE
Angel Cruz, Gabrielen aita, eta Ana Julia Quezada. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gabriel Cruz mutikoaren heriotza ikertzen ari den Rafael Soriano epaileak ostegunera arte luzatu du Ana Julia Quezada ustezko hiltzailearen atxiloaldia. Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, izapide gehiago egin behar dituzte.

Atxilotua 15:00ak aldera atera da Almeriako 5. Instrukzio Epaitegitik eta Guardia Zibilaren kuartelera eraman dute. Segur aski, ostegunean berriro ere epailearen aurrera eramango dute.

Epaitegien atarian, dozenaka lagun elkartu dira Ana Julia Quezada iraintzeko. Are gehiago, horietako asko atxilotuarengana gerturatzen saiatu dira, baina Poliziak eragotzi egin die.

Ana Julia Quezada, Gabriel Cruz Almeriako 8 urteko mutikoa hil zuela aitortu duen emakumea, gaur pasatu da Almeriako 5. Instrukzio Epaitegiko Rafael Soriano epailearen aurretik. Atzo Guardia Zibilaren aurrean aitortu zuen berak hil zuela mutikoa; lehenik aizkora baten buruarekin buruan kolpe bat eman zion eta gero ito egin zuen.

Emakumea 07:00ak aldera heldu da Guardia Zibilaren kuarteletik Almeriako Justizia Hirira. Ana Julia Quezada, haurraren aitaren egungo bikotekidea, igandean atxilotu zuen Guardia Zibilak Vicar herrian, autoan umearen gorpua zeramala geldiarazi ostean.

Atxilotuak atzo Guardia Zibilaren aurrean egindako deklarazioan aitortu zuenez, eztabaida baten baitan, aizkora baten buruarekin kolpe bat eman zion buruan lehenik eta ito egin zuen gero. Ia bi ordu eman zituen deklaratzen, eta bakarrik jardun zela azpimarratu zuen.

Guardia Zibilaren aurrean egindako deklarazioaren arabera, haurra desagertu zen egunean bertan (otsailaren 27an) hil zuen. Ana Julia Quezadaren esanetan, aurrez mutikoak eraso egin zion eta berak kolpe gogor batekin erantzun zion. Autopsiaren arabera, Gabriel Cruz 8 urteko mutikoa itota hil zen.

Hilketa aitortu ostean, Rodalquilar udalerrira eraman zuen Guardia Zibilak, gertatutakoa berreraikitzeko.

Bestalde, Gabriel Cruzi gertatutakoa argitzeko ardura bere gain duen Rafael Soriano epaileak gorpua erraustea debekatu du, froga gehiago egin beharko ez dizkiotela erabat baztertu arte.

Aizkora topatu dute

Ito baino lehen, Ana Julia Quezadak ustez umeari kolpea emateko erabili zuen aizkora aurkitu du Guardia Zibilak, ikerketako iturriek baieztatu dutenez. Bestalde, ikuspuntu polizialetik auzia erabat argitu dutela erantsi dute iturriek.

Antza denez, Quezadak aitortu duenez, biek aizkoragatik eztabaida izan zuten, eta liskarrean emakumeak umeari lanabesaren alde kamutsarekin jo zion.

Guardia Zibilak prentsaurrekoa emango du ostegun honetan, Almerian, ikerketako xehetasun guztien berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak azken ordukoa Espainia bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak