Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gaur emango dute jakitera sanferminetako talde bortxaketaren epaia
Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioko presidenteak irakurriko du epaia 13:00etan, jendaurrean, eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2016ko sanferminetan izandako talde bortxaketaren auziko epaia gaur, osteguna, emango dute jakitera Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. Epaiaren irakurketa publikoa izango da.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek jakinarazi dutenez, Auzitegiko Bigarren Sekzioko presidenteak irakurriko du epaia, 13:00etan, jendaurrean.
Bost akusatuak eta biktima ez dira epaiaren irakurketara joango. Ekitaldia eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da.
Epaiketa azaroan egin zuten eta, azken bi saioak izan ezik, ateak itxita egin zuten. Fiskaltzak 22 urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen bost akusatuentzat, akusazio partikularrak, 24 urte eta bederatzi hilabetekoa eskatu zuen, eta herri akusazio gisa aritu ziren Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak, ostera, 25 urte eta bederatzi hilabetekoa. Defentsak, ostera, absoluzioa.
Andrea, Lunes Lilas eta Betaurreko Moreak elkarteek 12:45erako deitu dituzte hedabideak, Justizia Jauregiaren atari aurrean, epaiketaren inguruko adierazpenak egiteko.
_________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.