Gizartea -
Arabako ikastolen jaia
Araba Euskaraz jaia ospatzen ari dira Argantzonen
Haurrek mundua bizitzeko duten eran oinarrituta, 'Irrikitan' izango da festaren leloa. Bildutako dirua Manzanos herrian ikastola bat sortzera bideratuko dute; Lehen Hezkuntzako zentroa izango da.
Agentziak | Erredakzioa
Araba Euskaraz, Arabako ikastolen jaia, igande honetan ospatuko dute Argantzonen, musika eta giro ona nagusi izanda. Haurrek mundua bizitzeko duten eran oinarrituta, "Irrikitan" izango da festaren leloa. Herri honek bi aldiz hartu du aurrez ospakizun hau: 2001ean eta 2007an.
Edizio honek dagoeneko badu bere abestia, bideoklip eta guzti: "Irrikitan"; Libe Kortazarrek jarri dio musika, eta Jon Basagurenek letra. Beñat Fontanedak eta Roberto Ladrerok zuzendu dute bideoa. Euskara bizitzeko gogoez hitz egiten du, oztopoak izan arren.
Argantzon, gaur. Argazkia: EiTB.
Bildutako dirua Manzanos herrian ikastola bat sortzera bideratuko dute; Lehen Hezkuntzako zentroa izango da.
Egitaraua
Hiru gune izango ditu ibilbideak: Hiria, Hizkuntza eta Bihotza. Umeek eta gazteek eskaintza zabala aurkituko dute bertan ekainaren 17an; bertsolariak, pailazoak, dantza ikuskizunak eta tailerrak, esaterako.
Gainera, ohi bezala, musikak leku garrantzitsua izango du Arabako ikastolen aldeko jaian. Hain zuzen ere, Hizkuntza gunean bilduko dira musikazaleak, hantxe joko baitute Libek (15:30) eta Glaukomak (17:00). La Pulga taldea, berriz, goiza girotzeaz arduratuko da, eta Arabako talde hasiberriei egingo diete lekua eguerdian. Hala, Orbanak, Trago Bakoitzean, Nakba eta Duluth igoko dira oholtzara 13:00ak eta 15:00ak bitartean.
Irudia: Arabaeuskaraz.eus
Nola iritsi?
Argantzonera Gasteiztik trenez iristeko txartelak honako leku hauetan daude salgai, 5 euroan: Parral tabernan, Koska tabernan, Armentia ikastolan eta Arabako ikastolen egoitzan.
Irteerak Gasteiztik: 10:00etan eta 11:15ean
Irteerak Argantzondik: 17:00etan eta 19:19an
Autobusez joatea erabakiz gero, besteak beste, webgune honetan eros daitezke txartelak, 9 euroan.
Irteera Gasteiztik: 10:30ean
Irteera Argantzondik: 19:00etan
Arabako Ikastolen jaia
1981. urtean egin zen lehen aldiz Araba Euskaraz. Urteak joan eta urteak etorri, euskaltzale ugari batzen duen euskararen aldeko jaia urteroko hitzordua bihurtu da. Alabaina, Araba Euskarazek hasierako helburuei eusten die: Arabako Ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea.