Gizartea -
Bularreko Minbiziaren Eguna
Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak 9.300 tumore hauteman ditu 23 urtean
Guztira, 1995etik aurtengo ekainera arte, ia bi milioi mamografia egin dira. Biziraupen-tasa % 86koa da Euskal Autonomia Erkidegoan.
EITB.EUS
Osakidetzak bularreko minbizia garaiz hautemateko duen programak ia 9.300 tumore detektatu ditu martxan jarri zenetik, gehienak fase goiztiarretan. 1995ean abian jarri zenetik aurtengo ekainera arte, ia 2,5 milioi hitzordu eta ia 2 milioi mamografia egin dira. Bularreko minbizia dutenen biziraupen-tasa % 86koa da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).
Bularreko Minbiziaren kontrako Mundu Eguna da gaur. Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eskaini ditu datuak, Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarrerako Programaren arduraduna den Jone Altzibar medikuarekin eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Zerbitzuko Isabel Alvarez medikuarekin batera.
1995ean programa abian jarri zenetik aurtengo ekainera arte, ia 2,5 milioi hitzordu eta ia 2 milioi mamografia. Proba horietan, 9.290 minbizi detektatu dira, gehienak fase goiztiarretan. Sailburuak azpimarratu duenez, tumore horiek detektatu zizkieten emakumeen % 83,1ek bularreko tratamendu ez inbaditzailea jaso zuten. Ikuspuntu kualitatibotik, berriz, programak % 80ko parte-hartze tasa izan du.
Jon Darpon sailburuak itxaropen mezua zabaldu nahi izan die gaixotasun hori pairatzen duten emakumeei. Alde batetik, gaixotasunak emakumeetan duen inpaktua murriztu egin da detekzio goiztiarrari eta tratamenduen optimizazioari esker (azken hauek gero eta pertsonalizatuagoak eta eraginkorragoak dira eta albo-ondorio gutxiago sorrarazten dituzte). Bestetik, bularreko minbiziaren biziraupenak hazten jarraitzen du EAEn. Biziraupen-tasa % 83,4koa izan zen 2000-2004 aldian, eta % 86koa izan zen 2010-2012 aldian.
Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programak, gaur egun, kudeaketa-unitate bat, 11 baheketa-unitate, 7 balioespen-unitate eta erreferentziazko 7 ospitale ditu. Halaber, Darponek zorionak eman dizkie alor horretan lan egiten duten profesional guztiei, beren dedikazioagatik eta profesionaltasunagatik.
Bestalde, Darpon sailburuak aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarrerako Programa bultzatzen jarraituko du 2018-2023 Euskadiko Plan Onkologikoaren baitan.