Gizartea -
Eguraldia
Jaurlaritzak astelehenera arte luzatu du elurragatik barnealdean ezarritako abisua
Egunik txarrena igandea izango da, elur-maila 600-800 metrora jaitsiko baita. Bizkaian eta Araba mendebaldean botako du gehien.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak astelehenera arte luzatu du barnealdean elurragatik ezarritako abisu horia. Hala, larunbateko 18:00etatik asteleheneko 12:00ak arte egongo da indarrean.
Bestalde, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak ere abisu horia ezarri du elurragatik Nafarroako Pirinioetan, kasu honetan pilatzeagatik. Izan ere, 1.200 metrotik gora 5 zentimetro pila daitezke, iragarpenaren arabera. Larunbatean eta igandean egongo da indarrean abisua.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, Artikotik etorritako aire-masa hotz bat sartuko da datozen orduetan, eta elur-kota 600-800 metrora jaistea ekarriko du. Denboraldiko lehen elurtea izango da, eta elurraren presentzia berezia da urteko sasoi honetan.
Ostiral arratsaldetik neguko giroa nagusituko da; tenperaturek behera egingo dute eta, orduek aurrera egin ahala, gogotik egingo du euria. Prezipitazio horien ondorioz, elurte handiak izango dira mendiguneetan, eta ez goialdeetan soilik; baliteke elur-kota 1.000 metrotaraino jaistea, gutxi gorabehera.
Denboralearen unerik latzena igandean izan daiteke, elur-kota 600 eta 800 metro artean kokatzen denean, ekaitz-guneetan oraindik beherago agertzea baztertu gabe.
Larunbatean, egoerak okerrera egingo du. Zaparradak sarri eta mardul botako ditu, batez ere isurialde atlantikoan, eta bereziki mendebaldean. Txingorra ere egin dezake, batik bat egunaren bigarren partean. Elur-kota 800-900 metrora kokatuko da. 1.000 metrora 2-10 cm artean pilatuko dira.
Igandean, beherago kokatuko da elur-maila, 600-800 metro ingurura, beherago ekaitz guneetan. Zaparradak sarriago botako ditu mendebaldean, bereziki Bizkaian; gainera baliteke zaparradak trumoitsuak izatea eta txingorra botatzea. Ekialdean, hodeitza saretuago egongo da, eta zaparradak tartekatuagoak izango dira. Aurreikusitako lodierak: 5-20 cm 1.000 metrora, 0-2 cm 600 metrora, 0 cm 200 metrora.
Astelehenean apaldu egingo da denboralea, baina eguerdia arte elur-kota 600-800 metrora kokatuko da. Eguerditik aurrera, igotzen joan da, 1.000 metroraino. Zaparrada ertainak botako ditu isurialde atlantikoan. Gainerako tokietan zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Aurreikusitako lodierak: 5-20 cm 1.000 metrora, 0-1 cm 600 metrora, 0 cm 200 metrora.