Gizartea -

Urriaren 31n

Halloweenerako haurrentzako mozorro batzuen salmenta eten dute Euskadin

Haurren mozorroei dagokienez, araudiak jostailutzat hartzen ditu, eta segurtasun-eskakizun zorrotzagoak bete behar dituzte. Bestalde, Halloween jaia antolatuko duten sei lokal ikuskatu dituzte.

Halloween jaia mozorrotuta ospatu dute Ukrainian. Argazkia: EFE
Halloween jaia mozorrotuta ospatu dute Ukrainian. Argazkia: EFE
Halloween jaia mozorrotuta ospatu dute Ukrainian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Halloween festarako haurrentzako mozorro batzuk merkatutik kendu ditu Kontsumobidek, Kontsumoaren Euskal Institutuak, araudia betetzen ez dutelakoan. Zehazki, estutu daitezkeen kordoi eta soketan dago arazoa, izan ere, ez dute haurren arropen segurtasun-araudia betetzen.

Nora Abete Kontsumobideko zuzendariak azaldu duenez, azken hilabeteotan bederatzi ikuskaritza egin dituzte genero hori saltzen duten saltokietan. Gauzak horrela, haurren arropei dagokien segurtasun-araudia betetzen ez duten produktuak geldiarazi dituzte.

Ildo horretatik, mozorroa erosteko orduan segurtasuna nagusitu behar dela azpimarratu du Abetek. Halaber, konfiantzazko saltoki eta webguneak bilatu eta segurtasuneko jarraibideak eta etiketak irakurri behar direla nabarmendu du. Kontsumobideko zuzendariak esan duenez, mozorroek CE marka izan behar dute.

Haurren mozorroei dagokienez, araudiak jostailutzat hartzen ditu, eta segurtasun-eskakizun zorrotzagoak bete behar dituzte. Kontsumobidek azaldu duenez, mozorro horiek ezin dituzte punta edo ertz zorrotzik izan, ez eta eror daitekeen edo adingabeek irentsi dezaketen pieza txikirik ere. Maskaren kasuan, umeek arnasketa-arazorik ez izateko nahikoa zulo izan behar dituzte.

Halloween jaia antolatuko duten sei lokal ikuskatu dituzte

Halloween gauean jaiak antolatuko dituzten sei lokaletan ohiko ikuskapenak egin ditu Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitateak. 700 pertsona baino gehiago hartu ditzaketen establezimenduak dira horiek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, urriaren 31ko gauean egingo duten ikuskapenarekin osatuko dute aste honetako lana.

Halloween efe 2018

Halloween gauera begira, ekimenak antolatu dituzten edukiera handiko sei diskoteka daude Euskadin: lau Bizkaian, bat Araban eta beste bat Gipuzkoan. Miaketa horrekin, segurtasun-neurri guztiak betetzen dituztela egiaztatu nahi izan du Ertzaintzak.

Besteak beste, ebakuazio-bideak behar bezala seinaleztatuta daudela eta ondo dabiltzatela egiaztatu dute. Era berean, suteen kontra babesteko bitartekoak, horien kokalekuak eta seinaleztapen egokia ikuskatu dute.

Bestalde, une horretara arte saldutako sarrera kopurua kontrolatu dute, baita jai ezagun horretarako aurreikusten den asistentzia eta sarrera eta edukiera kontrolatzeko erabiliko diren bitartekoak ere.

Urriaren 31n, bereziki kontrolatuko da edukieraren mugak errespetatzen direla eta ebakuazio-bideak arazorik gabe erabili daitezkeela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea KontsumoBIDE Umeak albisteak gaur Halloween Euskadin