Gizartea -
Protesta
Gazte bat identifikatu dute Bilbon MTV sarien aurkako protesta batean
Piztu Bilbo, Itzali MTV plataformak deituta, MTVko bezalako sariek dakarten hiri-ereduaren kontra manifestatu dira dozenaka lagun.
EITB.EUS
MTV sarien aurka larunbat arratsalde honetan Bilbon izandako manifestazio batean gazte bat identifikatu du Ertzaintzak. Piztu Bilbo, Itzali MTV plataformak deituta, MTVko bezalako sariek dakarten hiri-ereduaren kontra manifestatu dira dozenaka lagun. Horien iritzian, horrelako ekitaldi erraldoiek "beste kultura batzuk, tartean euskalduna, jan egiten dute".
Tentsio uneak izan dira manifestarien eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean, eta azkenean gazte bat identifikatu egin dute. Mobilizazioa Udaletxe parean amaitu dute, han bertan agiria irakurri dute, eta balkoi nagusian pankarta bat eskegi.
Plataforma horrek aste osoa darama MTV sarien aurkako protestak egiten. Joan den ostegunean, emakume bat atxilotu zuten musika-ekitaldi horren kontrako beste manifestazio batean. Polizia-etxera eraman zuten, eta polizia-izapideak egin ostean, aske utzi zuten. Gainera, Ertzaintzak beste bi lagun identifikatu zituen.