Gizartea -

Bizkaia

Ertzaintzak maila altueneko segurtasun plan bat antolatu du MTV sarietarako

Abenduaren 4a baino lehen, Bilbon, Getxon, Barakaldon eta Durangon izango diren kontzertuak ere hartzen ditu segurtasun-planak. Halaber, kontzertuetara bi ordu lehenago joatea aholkatu du.

ETBko bideo batetik ateratako irudia.
ETBko bideo batetik ateratako irudia.
ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak "maila altuenetako" segurtasun plan bat antolatu du MTV EMAS Bilbo 2018 sarietarako, azaroaren 4an, BECen, Barakaldon (Bizkaia); baita aurrez izango diren kontzertuetarako ere, hiri horretan, Bilbon, Getxon eta Durangon.

Poliziak hainbat hilabete daramatza plana antolatzen, eta udaltzaingoekin eta ekitaldiko antolatzaileekin izango duen koordinazioa jasotzen du. Ikuskizunean krisi-mahaiak jartzea ere aurreikusten du, Segurtasun Sailak larunbat honetan jakitera eman duenez.

Ohar batean nabarmendu du MTV telebista saioko sari-banaketa mundu mailako ekitaldia dela, eta antolakuntzan 2.400 bat pertsonak parte hartzen dutela. BECen izango den ekitaldi nagusirako, adibidez, 150 kamioi handi mugituko dituzte ekipamenduarekin.

Sari banaketaz gain, bost kontzertu handiz gozatzeko aukera izango da MTV Music Weeken: urriaren 29an, Barakaldon; urriaren 30ean, Durangon; 31n, Algortan (Getxo); azaroaren 1ean, Bilbon (Arriaga Antzokian), eta, 3an ere Bizkaiko hiriburuan (San Mamesen).

Lehenengo segurtasun-neurria, antolakutzarekin adostuta, bertaratuko diren pertsona kopuruaren muga edukiera maximoaren azpitik jartzea izan zen. Hala, Barakaldon 8.000 pertsona izango dira gehienez, 5.500 Durangon, 4.000 Algortako Portu Zaharrean, 35.000 San Mamesen, eta 8.500 BECen.

Kontzertuetan eta sari-banaketan ez ezik, antolakuntza lanetan eta pertsona eta taldeen desplazamenduetan ere izango da zaintza, segurtasun-planean aurreikusten denez.

Esparruetarako sarbidea

Esparruetara sartu ahal izateko segurtasun-perimetro bat jarriko dute, hesiekin eta hainbat barrera fisikorekin, poliziak bertan izateaz gain. Halaber, trafikoan aldaketak egingo dituzte.

Segurtasun arkuak jartzea eta gorpu-erregistroak egitea aurreikusi dute, arriskutsutzat jo daitekeen edozein objektu sartzea ekiditeko. Horrez gain, A4 paper tamaina gainditzen duten motxilak edota paketeak sartzea debekatuko dute. Bestalde, kontzertuetara bi ordu lehenago joatea aholkatzen diote publikoari, sartzeko protokoloa garaiz betetzeko.

San Mamesen kasuan, estadioaren kanpoaldean hesi batzuk jarriko dituzte, eta sarrera duen jendeak soilik sartu ahal izango du. Autoan ez joatea eta garraio publikoa erabiltzea ere aholkatu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Getxo Bizkaia San Mames Barakaldo Bilbao Exhibition Centre Arriaga Antzokia Gizartea Eguneko albisteak Durango Albisteak