Gizartea -

Indarkeria sexista

Gabonetan gertatutako azken sexu erasoa gaitzetsi du Barakaldok

Herriko Plazan bildutakoek indarkeria matxistarik gabeko gizarte aske bat aldarrikatu dute. Abenduaren 25eko goizaldean izandako sexu erasoa salatu du emakume batek.

Sexu eraso saiakeraren aurkako elkarretaratzea, Barakaldon. Irudia: EITB.
Sexu eraso saiakeraren aurkako elkarretaratzea, Barakaldon.
Sexu eraso saiakeraren aurkako elkarretaratzea, Barakaldon. Irudia: EITB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko herritarrek sexu erasoak gaitzetsi dituzte eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte askea aldarrikatu dute, Herriko Plazan egindako elkarretaratze batean.

Erasorik ez erantzunik gabe lelopean, Gabonetan izandako eta asteburu honetan salatutako erasoaren aurka azaldu dira. Elkarretaratzean Amaia del Campo Barakaldoko alkatea eta udal talde guztietako ordezkariak izan dira.

Erasoa Eguberri eguneko goizaldean gertatu zen, Barakaldoko bide publikoan. Urtarrilaren 12ko goizaldean, larunbata, Udaltzaingora joan zen biktima, erasoa salatzera. Behin lekukotza entzunda, udaltzainek Ertzaintzaren komisariara eraman zuten, salaketa jar zezan.

"Indarkeria jasaten duten emakume guztiei" elkartasuna adierazi diete Argitanek deitutako elkarretaratzean.

Era berean, "berdintasunik eza eta emakumeenganako indarkeria sortzen dituen sistema patriarkal hau aldatzeko, egunero beste emakumeekin lan egitea" aldarrikatu dute.

"Gabon hauetan emakume batek jasandako eraso sexistaren aurrean erabateko gaitzespena adierazten dugu. Argi eta garbi esan nahi dugu kalera irteten jarraituko dugula eraso guztiak salatzeko, eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte aske batean bizi ahal izateko borrokatuko dugula", gehitu dute.

Azkenik, askatasunaren eta berdintasunaren aldeko aldarria egin dute, "behingoz emakumeok kaletik lasai eta beldurrik gabe ibili ahal izateko".

______________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Zer gertatu da gaur Bizkaian? Barakaldo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak