Gizartea -

Eguraldia

Alerta laranja ezarri dute larunbat eta iganderako elurragatik: 400 metrora egingo du

Ekaitz-guneetan, beherago koka daiteke elur-maila (300 metro). Horrez gain, zaparradak, tenperatura jaitsiera nabarmena eta haize zakarra espero dira.

Gasteiz zuri-zuri ikus genezake bihar. Argazkia: Jose Maria Alonso
Elurra Gasteizen
Gasteiz zuri-zuri ikus genezake bihar. Argazkia: Jose Maria Alonso

Eider Garaikoetxea | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguraldia koktel arriskutsuarekin dator datozen egunetan: fronte okluitu bat sartuko da, eta, horrekin batera, aire hotza dago goi geruzetan eta Helena izeneko depresioaren eraginpean gaude. Hala, 2019 honetako asteburu petralenetarikoa izango dugu honakoa, petralena ez bada: hotz egingo du, zaparrada ugari eta iraunkorrak izango ditugu, ipar-mendebaldeko haize desatsegina izango da nagusi eta, gainera, 400-600 metrora egin dezake elurra.

Hain justu, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja ezarri du elurragatik larunbaterako eta iganderako, barnealdean 400 metrora egin dezakeela eta. Are gehiago, ekaitz-guneetan beherago koka daiteke elur-maila (300 metro).

Bihar, egun guztian egongo da indarrean elurragatik ezarritako alerta laranja. 600 metro inguruan egongo da elur-kota goizaldean, eta 400 metrora jaitsiko da goizean zehar. Isurialde atlantikoan, trumoi-ekaitzak izango dira eta txingorra botako du. Honako lodierak aurreikusi dituzte: 15-50 cm 1.000 metrora, 5-25 cm 600 metrora eta 0 cm 200 metrora. Horrez gain, alerta laranja ezarriko du Segurtasun Sailak itsasaldeko arriskuagatik (lehen bi milietan, 5-6 metroko olatuak), gauerditik 18:00etara. Olatuok kostaldean egin ditzaketen kalteengatik eta nabigaziorako dakarten arriskuagatik ere abisu horiak egongo dira indarrean goizaldean eta arratsaldean. Bizkaian eta Gipuzkoan, 18:00ak arte egongo da indarrean abisu horia euriagatik (metro koadroko 60 litro pila daitezke). Azkenik, abisu hori ezarriko dute haize bolada gogorregatik, haizeguneetan orduko 100 kilometroko ufadak espero baitituzte.

Igandean, eguerdira arte egongo da indarrean elurragatik barnealdean ezarritako alerta laranja. Elur-kota 300-500 metro inguruan egongo da, eta gauean igo egingo da 600 metrora. Arratsaldean atertuz joango da barnealdean, eta gainerako tokietan, gauean. Aurreikusitako lodierak bezperan baino txikiagoak izango dira: 5-20 cm1.000 metrora, 5-15 cm 600 metrora eta 0 cm 200 metrora. Horrez gain, abisu horia izango da 09:00ak arte nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik. Lau metroko olatuak izango dira goizaldean, baina goizak aurrera egin ahala txikitu eta 3,5 metrokoak izango dira.

Gaur, abisu horia izango da indarrean 15:00ak arte haizeagatik, hego-mendebaldeko haize-boladek orduko 100-110 kilometroak gaindituko baitituzte haizeguneetan. Horrez gain, ia egun osoan zehar (09:00-24:00) nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik abisu horia egongo da, lauzpabost metroko olatuengatik. Amaitzeko, abisu horia izango da barnealdean elurragatik, 21:00etatik gauerdira arte.

BIDEOA: Ufada gogorren beldur, Donostiako noriaren kabinak kendu dituzte gaur.

Donostiako noriaren kabinak kendu egin dituzte, haize ufada indartsuen beldur
Donostiako noriaren kabinak kendu egin dituzte, haize ufada indartsuen beldur
Donostiako noriaren kabinak kendu egin dituzte, haize ufada indartsuen beldur

0:38

Iragarpena, egunez egun

Bustitik bada ere, gaurko goiza lasai antzera igaro dugu. Arratsaldean, ordea, nabarmen gaiztotuko da giroa, eta haize aldaketa izango da eragilea. Lehen orduetan, hego-mendebaldetik joko du, baina ipar-mendebaldera egingo du eguerdi aldera; oso zakar joko du, gainera. Gogotik egingo du euria, eta txingor ekaitzak ere izan daitezke, batez ere iparraldean. Tenperaturek behera egingo dute. Elur-maila 700-900 metrora kokatuko da. Itsasoan ere ez da giro izango, 3-5 metroko olatuak aurreikusi baititu Euskalmetek.

Okerrena, ordea, bihar iritsiko da. Negu gorriko giroa izango da protagonista: erruz botako du euria, ekaitza lehertuko da eta hotz egingo du. Termometroak ez dira 10 ºC-tik gora joango. Haizeak ipar-mendebaldetik jo eta hotz sentsazioa areagotuko du. Bada gehiago: elur-kota 400-600 metrora jaitsiko da, are beherago ekaitz-guneetan. Hori horrela, baliteke elur malutak ikustea Gasteizen edota Iruñean. Itsaso zakarra ere espero dugu, eta 5-6 metroko olatuak.

Iganderako ez da aldaketa nabarmenik aurreikusten. Euri kontuekin jarraituko dugu, baina eguerditik aurrera gutxitzen joango dira. Bezperan bezala, hotz egingo du. Haizeak ipar-mendebaldetik jarraituko du, eta elur-maila 400-600 metrora; halere, ez da hainbeste prezipitazio espero.

Bada albiste onik: joeraren arabera, badirudi astea giro atseginagoarekin abiatuko dugula, euria egiten jarraituko badu ere. Eguzkia ikusteko aukera ere izango omen dugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hotz boladak