Gizartea -

Ingurumena

Greta Thunberg, mundua klima aldaketaren kontra esnatu zuen ikasle suediarra

Ostiralero, 16 urteko aktibista suediarrak klaseak uzten zituen Parlamentuaren aurrean manifestatzeko, eta orain klima aldaketaren kontrako borrokaren ikonoa bilakatu da mundu osoko ikasleentzat.

Greta Thunberg, Fridays For Future mugimenduaren bultzatzailea / Argazkia: EFE.
Greta Thunberg, Fridays For Future mugimenduaren bultzatzailea.
Greta Thunberg, Fridays For Future mugimenduaren bultzatzailea / Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greta Thunbergek, 16 urteko aktibista suediarrak, ez zuen inoiz amestu Parlamentuaren aurrean egiten zituen protestak ostiraleroko klima aldaketaren kontrako mugimendu bihurtuko zirenik, 100 herrialde baino gehiagotan. Rosa Parks du inspirazio iturri, baina ez du ekologismoaren ikono bihurtu nahi.

Ostiralero, 2018ko abuztutik, Suediako Parlamentuaren aurrean jartzen da Thunberg ,"Ikasleen greba klimaren alde" leloa eskuz idatzita daukan pankarta batekin. Ordudanik mundu osoko 1.600 hiri baino gehiago batu dira protestetara, klima aldaketaren kontra ekintza gehiago eskatzeko.

"Uste nuen honek hiru aste iraungo zuela, inork ez zuen konfiantzarik. Baina egin nuen. Eta ondoren, ez nintzen pozik geratu, eta #FridaysForFuture hasi nuen, egunez egun hazten ikusi dudan mugimendua", esan du Thunbergek.

2018ko iraileko bideo honetan mundu osoko jendeari dei egiten zion. "Zaudeten lekuan zaudetela, parlamentuen edo gobernuen eraikinen aurrean eserI, zuen herrialdea bide onean egon arte". Ikastetxera joateak zentzurik baduen galdetzen zuen, "laster ez delako etorkizunik egongo" eta "inor ez delako ezer egiten ari etorkizun hori salbatzeko".

Milaka gazte inspiratu ditu aktibista suediarrak, eta orain tenperatura globalaren igoera 1,5 gradura murrizteko neurriak eskatzen ari dira, 2015ko Parisko hitzarmenak ezartzen zuen moduan.

Ospea eman dio bere iniziatibak. Hiru politikari norvegiarrek neskari Nobel saria ematearen alde egin dute, eta hitzaldiak eman ditu dagoeneko munduko buruzagien aurrean, Davoseko foro ekonomikoan eta NBEren klimari buruzko batzarrean, Katowicen.

"Mugimendu ekologista osoaren eta klima defendatzen duen mundu guztiaren babes erraldoia jaso dut. Ez litzateke posible izango haiek gabe", onartzen du.

Thunbergek azaltzen duenez, ikasle grebaren ideia Floridako Parkland institutuko ikasleek egindakoan inspiratuta dago. 2018ko otsailean 17 pertsona hil zituzten bertan, tiroketa batean.

"Rosa Parks ere eredu bat izan dela uste dut. Emakume lotsati eta itxia izan zen, eta asko irakurri dut berari buruz. Orain jende guztiak du soziala eta irekia izateko joera, baina ni ez naiz horrelakoa. Espero dut hau inspirazio iturri izatea, eta ni bezalakoak diren guztiei kasu egin diezaguketela eta gauza handiak egin ditzakegula erakustea", dio.

"Pertsona batek soilik autobus batean esertzearekin egin dezakeena ikustea oso iradokitzailea da", dio Rosa Parksi buruz. Rosa Parks 1995ean Alabaman gizon zuri bati eserlekua uzteari uko egin zion emakume beltza da, eta eskubide zibilen aldeko mugimendua piztu zuen Estatu Batuetan.

Ikono bat dela errefusatzen du Thunbergek, baina txaloak jasotzen ditu joaten den toki guztietan. Azken asteetan Alemanian, Suitzan, Belgikan eta Frantzian izan da, eta bertako protestetan oso bero hartu dute.

Greta Thunberg, en la protesta del viernes, 15 de marzo, en Estocolmo.

Greta Thunberg, martxoaren 15eko,ostirala, protestan Stockholmen. Argazkia: EFE.

"Niri buruz hainbeste idazteak klimari laguntzen badio, orduan, aurrera. Hala ere, horrek esan nahi du egiten dudan guztiarekin kontuz ibili behar naizela. Plastikozko poltsa bateko ogia jaten badut, pertsona batzuek iraindu egingo naute. Hala ere, hau positiboa dela uste dut, kanpaina negatibo horien irrazionaltasuna ikusgai geratzen delako", azaltzen du.

Hamaika urte zituenean, Thubergek depresioa izan zuen. Gainditzen lagundu zion faktoreetako bat klima aldaketari buruz irakurtzea eta ikastea izan zen, eta baita borrokatzeko nahikoa egiten ari ez zela jakitea ere.

Bere gurasoen engaiamendua lortzeko jateari utzi zion. Gero, haragia jateari eta hegazkinez bidaiatzeari utzi zioten, desafio handia izan bazen ere.

Asperger sindromea dauka Thubergek. Autismoaren espektroaren barnean sartzen den gaitza da. Nola eragiten dio horrek klimaren aldeko borrokan? "Oso positiboki. Beste batzuek baino kontzentrazio gaitasun handiagoa dudala konturatu naiz, horrek gehiago nekatzea ekartzen badit ere", azaltzen du.

"Asperger izango ez banu beste bideak aztertuko nituzke. Ez dut taldeetan ondo funtzionatzen, eta hobeto lan egiten dut bakarrik egiten dudanean. Beste aktibista batzuek erakundeak sortu eta arauak eta hitzarmenak idatzi nahi dituzte. Horregatik 'Fridays For Future' ez da nazioarteko erakunde bat; hashtag bat da, ikerketari garrantzia ematen dion mugimendu bat. Helburu berberei buruz hitz egiten dugu, baina erakunde desberdinetatik eta hainbat herrialdetatik".

"Erakunde eta alderdi politiko asko daude, baina pentsamoldea aldatu behar dute. Ez daukagu alderdi berriak sortzen ibiltzeko denbora asko", dio. "Aldaketa gaur hasi behar da", bukatzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Grebak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Suedia Ingurumena Gazteak Larrialdi klimatikoa albisteak