Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Emakume batek Bilboko klinika pribatu batean jasandako sexu-erasoa salatu du
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko. Biktima Orozkoko emakume bat da. Hori dela eta, sexu-erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute 19:30ean Orozkoko Zubiaur plazan.
EITB.EUS
Bilboko ospitale pribatu batean sexu-erasoa jasan zuela salatu du emakume batek, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Euskadi Irratiari baieztatu dionez.
EiTBk jakin ahal izan duenez, erasoa Bilboko Virgen Blanca klinikan izan da, Begoñako Basilikaren ondoan.
Salaketaren arabera, astelehenean gertatu zen erasoa emakumea osasun proba batzuk egitera joan zenean.
Aiaraldea.eus atariak zabaldutako informazioaren arabera, Orozkoko emakume bat da salaketa jarri duena.
Hain zuzen ere, biktimak hedabide horri azaldu dionez, probak egin eta gero, boxen gelara igaro eta oraindik ere lasaigarrien eraginpean zegoela, zeladore batek ukituak egin zizkion. Emakumearen esanetan, gertaturikoa kontatu zien medikuari eta solairuko arduradunari. Halaber, erasotzaileak ospitaleko igogailuraino jarraitu zuela salatu du. un
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko.
Bestalde, Aiaraldeko Mugimendu Feministak eta Matxintxuk babes osoa helarazi diote emakumeari eta erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaur, 19:30ean, Zubiaur plazan.
________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.