Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Hiru emakumek Bilboko klinika pribatu batean jasandako sexu-erasoak salatu dituzte
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko. Azken bi salaketak arratsalde honetan aurkeztu dituzte.
EITB.EUS
Bilboko klinika pribatu bateko langile baten kontrako hiru salaketa aurkeztu dira sexu-erasoengatik dagoeneko. Azken biak gaur arratsaldean bertan ipini dira, Ertzaintzak ETBri baieztatu dionez. Antza denez, hiru erasoak astelehenean gertatu ziren.
EiTBk jakin ahal izan duenez, erasoak Bilboko Virgen Blanca klinikan izan dira, Begoñako Basilikaren ondoan.
Aurreneko salaketaren arabera, astelehenean gertatu zen erasoa emakumea osasun proba batzuk egitera joan zenean.
Aiaraldea.eus atariak zabaldutako informazioaren arabera, Orozkoko emakume bat da salaketa jarri duena.
Hain zuzen ere, biktimak hedabide horri azaldu dionez, probak egin eta gero, boxen gelara igaro eta oraindik ere lasaigarrien eraginpean zegoela, zeladore batek ukituak egin zizkion. Emakumearen esanetan, gertaturikoa kontatu zien medikuari eta solairuko arduradunari. Halaber, erasotzaileak ospitaleko igogailuraino jarraitu zuela salatu du. un
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko.
Bestalde, Aiaraldeko Mugimendu Feministak eta Matxintxuk babes osoa helarazi diote emakumeari eta erasoa salatzeko bost minutuko elkarretaratze isila egin dute arratsaldean, Zubiaur plazan.
________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.