Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Iruñeko kolektibo feministak eta herritarrak, taldean egindako bortxaketaren aurka

Hiru atxilotuak karguekin aske gelditu dira. Udala pertsonatu egingo da epaiketan.

Elkarretaratzearen irudi bat. Argazkia: EiTB
Elkarretaratzearen irudi bat. Argazkia: EiTB
Elkarretaratzea egin dute Iruñean azken taldekako sexu-erasoa salatzeko

0:48

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko kolektibo feministek deituta, dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin dute asteazken honetan, Udaletxeko plazan, emakume batek salatutako sexu-erasoa gaitzesteko. Hiru gizon atxilotu dituzte gertakariengatik.

Udaletxearen aurrean eta "Ezetza, ezetz da! Justizia!" lelopean, dozenaka pertsonak elkarretaratze isila egin dute. Horietako batzuk kartel txikiak esku artean izan dituzte, baita eskularru gorriak eta mugimendu feministako arropa moreak ere.

Gainera, pankartaren alboetako batean pertsona batek hilkutxa baten siluetari eutsi dio, indarkeria matxistak hildako emakumeak gogorarazteko. Elkarretaratzea txalo artean desegin da, "Gora borroka feminista" oihukatuz.

Marian Liberal kolektiboko bozeramaileak agiri bat irakurri du. “Nafarroan sexu askatasunaren aurkako indarkeriaren biktimak” izan diren emakumeei elkartasuna adierazi die, salatu ala ez, baita egunotan “beste Manada” bat salatu duenari ere. “Emakumerik bakarrik ez sentitzea eta beharrezko baliabide guztiak eskura izatea”, aldarrikatu dute.

Ordu batzuk lehenago, Udalak deituta, elkarretaratzea egin dute sexu-erasoa salatzeko. Eguerdiko bilkuraren aurretik, bortxaketa salatzeko eta gaitzesteko adierazpen bateratua onartu du Udalak.

Ezohiko Bozeramaileen Batzordean, aho batez onartu dute gaitzespen adierazpena. Horrez gain, "erabateko babesa eta elkartasuna" adierazi diote emakumeari eta haren familiari. Gainera, haren eskubideak eta identitatea gordetzeko errespetua eskatu dute.

Ez hori bakarrik, Udalak sexu-erasoak "deuseztatzeko", segurtasuna hobetzeko eta emakumeak "ingurune guztietan" aske izan daitezen bermatzeko lan egitea hitzeman du.

Bestalde, "zuhurtzia" eskatu du Iruñeko Udalak, eta "egiaztatu gabeko informazioak saihestea" eskatu du.

Emakumearen salaketaren arabera, hiru gizonek bortxatu egin zuten Iruñeko Alde Zaharreko etxebizitza batean, bere edarian substantzia bat nahastu ostean.

Zati batean Udalarena den sei solairuko eraikin batean gertatu zen sexu-erasoa.

Hiru akusatu nagusiak, ostera, karguekin aske gelditu dira epailearen aurrean deklaratzeari uko egin ostean. Dena den, ikerketak zabalik jarraitzen du.

Iruñeko Udala herri-akusazioa izango da sexu-erasoaren auzian

Iruñean izandako sexu-erasoaren auzian herri-akusazioa izateko idatzia aurkeztu du Nafarroako hiriburuko Udalak, 2. Instrukzio Epaitegian eginbideak abiatu dituztela baieztatuta.

Udalak esan duenez, erabakiak biktimaren eskubideak babestea du helburu, Nafarroako hiriburuan izandako "larritasun bereziko" gertakizunetan.

Aurreko astean, Espainiako Poliziak hiru gizon atxilotu zituen, Iruñeko Alde Zaharreko etxebizitza batean emakume bat bortxatzea leporatuta, norbaitek edarian substantziaren bat bota ostean.

Udalaren arabera, erasoa sei pisuko eraikin batean gertatu zen. Udalarenak dira horietako lau, eta bi pribatuak dira. Gainera, zenbait pertsona legez kanpo bizi dira bertan.

Urtarriletik prozesu judizial bat dago irekita, Udalak eskatuta, etxebizitzaren erabateko erabilpena berreskuratzeko helburuarekin. Alde Zaharreko bizilagunei ostatua emateko birgaitu nahi dituzte etxebizitzak.

________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak umeak Iruñea Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako gida Matxismoa Iruñeko Udala Sexu erasoak