Gizartea -
SANFERMINAK
Iruñeko Udalaren eraso sexistei buruzko informazio gunea, sanferminetan irekita
Informazio guneko ordutegia iazkoa baino luzeagoa da: uztailaren 6etik 14ra, 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 01:00a arte.
AGENTZIAK|ERREDAKZIOA
Iruñeko Udalak eraso sexistei buruzko informazio puntua martxan jarri du sanferminetan, uztailaren 5etik 14ra. 2014an sortu zuten gunearen helburu nagusiak bi dira, eraso sexisten aurrean sentsibilizazioa bultzatzea eta erasoei aurre egiteko irizpideak ematea.
'Eraso sexistarik gabe, Iruña aske' leloa duen informazio puntuan, feminismo edota genero ikuspegiko arloetan aritutako sei profesionalek eraso sexisten aurkako informazioa emango dute lau hizkuntzatan, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Informazio gunearen aurkezpenean, ondoko zinegotziek hartu dute parte: Kulturako eta Berdintasuneko Maria Garcia-Barberenak; Herritarren Segurtasuneko Javier Labairuk; Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Garapeneko eta Kiroletako Maria Caballerok; eta Berdintasuneko Cristina Martinez Dawek.
Iaz baino ordu gehiagoz egongo da irekita. Aurten, informazio zerbitzuak uztailaren 5ean 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 22:00etara eta, uztailaren 6etik 14ra, 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 01:00a arte irekiko dute.
Zerbitzua erabili zuten pertsonen kopuruari dagokionez, 2018an 14.620 pertsona hurbildu ziren informazio puntura eta 25 intzidentziaren berri eman zuten. Aurreko urtean, 2017an, 16.516 pertsona pasatu ziren puntutik eta 40 eraso salatu zituzten; 2016an, berriz, 7.475 pertsona hurbildu eta gertakari egon ziren; eta 2015ean 3.424 pasatu ziren eta 25 intzidentziaren berri eman zuten.
Berdintasunaren aldeko ekitaldiak
Genero berdintasunaren aldeko 5 eta 8 urte arteko umeentzako aldizkaria diseinatu du Udalak lehen aldiz. Bestetik, berdintasun arloko kazetaritza lan onenak nabarmenduko dituzten sariak iragarriko dituzte; horietan parte hartzeko epea uztailaren 22an bukatzen da, 14:00etan. Berdintasunaren aldeko kazetaritzako sarien bigarren edizioa izango da aurtengoa.