Gizartea -
Sanferminak 2019
Jaiak 'primerakoak' izan direla adierazi, eta bi sexu erasoak deitoratu ditu Mayak
Iruñeko alkateak balantzea egin du 9 eguneko jaien ondoren.
AGENTZIAK|ERREDAKZIOA
Enrique Maya Iruñeko alkateak adierazi du sanferminetan segurtasun neurriak egokiak izan direla, sexu eraso baten eta kalifikazio penal (eraso edo abusua) gabeko kasu baten salbuespenekin.
Ezaguna den sexu erasoaz eta oraindik kalifikazio penala ez duen uztailaren 12ko kasuaz gain, hamar sexu-abusu salatu dituzte.
Dena dela, sanferminak jai “dibertigarriak, osasuntsuak, alaiak eta seguruak” direla esan du Mayak. Udalak antolatutako ekintzek, guztira, 1,33 miloi pertsona batu dituzte, 2018an baino % 11 gutxiago. Jaitsiera hori azaltzeko, pertsonak zenbatzeko sistema berria errealistagoa dela nabarmendu du alkateak, beste faktoreak ukatu gabe, besteak beste, programa berritu behar dela.
Mayaren esanetan, egun guztietan “ez da ez” Iruñean. Hori dela eta, “jokabide horiek desagerrarazteko” lan egingo dute. Hala ere, gertakari “tamalgarri” horiek festetako orokorreko giro ona ezin dutela estali esan du.
Gazteluko Plazan dagoen eraso sexisten aurkako informazio puntutik 14.375 pertsona pasatu ziren, 31 intzidentzia jaso zituzten eta jarraibide protokolo bat aktibatu zuten.
Ikurrinaren polemika
Uztailaren 6an Iruñeko Udaleko gertakariak direla eta, bost salaketa jarri dituzte lesioengatik: Navarra Sumako zinegotzi batena, EH Bilduko zinegotzi batena eta hiru udaltzaingorenak.
Mayak ez du onartuko Nafarroako Foru Erkidegoko ikurrak arautzen duen legea ez betetzea, “erradikalenek” udaleko zenbait kideri azaldutako “presioa, gorrotoa eta eraso saiakerak”, uztailaren 7an egin zen San Fermin eguneko prozesioaren amaieran.
Entzierroetako balantzea
Guztira, 13.800 pertsonak hartu zuten parte sanferminetako entzierroetan. Egun jendetsuenak bi igandeak (uztailak 7 eta 14) izan ziren. Horietan, 2.300 eta 2.100 korrikalari batu ziren, hurrenez hurren.
Mayaren esanetan, aurtengo entzierroetako zezenak eta ez labaintzeko likidoa gorabehera, sanferminetako entzierroak ez dira aldatu, eta horren erakusle da atzo Miura zezenekin egin zen entzierroa. Bestalde, entzierroen ibilbidea Santo Domingoko eskortetatik plazara dela azpimarratu du.
Entzierroko araudia ez betetzeagatik, 25 pertsona ekonomikoki zigortu dituzte, gehienetan, ibilbidean argazkiak ateratzeagatik edo animaliak ukitzeagatik. Iaz, sei kasu baino ez ziren jaso.