Gizartea -
Hileta-elizkizunak
3.000 pertsonak elkartasuna agertu diete Lorcan hildakoen senideei
- Zapatero eta Asturiasko printze-printzesak hiletan izan dira.
- Kaltedunen kopurua 40.000 pertsona ingurukoa da.
- Lehendakariak "elkartasuna eta gertutasuna" adierazi die.
Erredakzioa
Senideek, agintariek eta Lorcako (Murtzia) bizilagunek azken agurra eman diete gaur goizean asteazkeneko lurrikaren ondorioz hildakoei.
Orotara, 3.000 pertsona inguru izan dira hiletetan, besteak beste Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea eta Asturiasko printze-printzesak.
Ekitaldiak ordubete iraun du, eta Jose Manuel Planes Cartagenako gotzainak zuzendu du, Santa Quiteriako azoka-esparruan.
Hiletan lau hilotz baino ez dira izan. Izan ere, beste bost biktimen familiek elizkizun pribatuak egitea nahiago izan dute.
Ekitaldia hasi baino lehen, Felipe eta Letizia printze-printzesak hildakoen senideengana hurbildu dira, eta elkartasuna adierazi diete.
Zapatero eta printze-printzesak ez ezik, beste hainbat agintari ere izan dira hiletan, hala nola Ramon Luis Valcarcel Murtziako presidentea, Francisco Jodar Lorcako alkatea, Francisco Camps Valentziako presidentea eta Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramailea.
Hileta hasi baino lehen, Zapaterok Lorca berriz eraikitzeko hitzarmenak iragarri ditu.
40.000 kaltedun
Asteazkeneko lurrikarak eragindako kaltedunen kopurua 35.000 eta 40.000 pertsona artekoa da, Udalak jaso eta Europa Press albiste agentziari jakinarazitako lehen datuen arabera.
Bizilagunek hilebetak igaro ditzakete larriealdietako zerbitzuek jarritako hiru kanpamenduetan: Ibañez Martin ikastetxean, Huerto de la Ruedan eta La Viñan. Azken auzo hau guztien artean kaltetuena izan da eta erabat hutsi dagoela ikusita, bertakoek ''herri mamua'' ezizena jarri diote.
La Viñan kaltetutako eraikin askok bost urte baino gutxiago zuten.
Lehendakariaren dolu-minakGasteiztik, Patxi Lopez lehendakariak "elkartasuna eta gertutasuna" adierazi nahi izan die biktimen senideei eta kaltedunei.
Halaber, Eusko Jaurlaritzaren prestutasuna agertu du Lorcako beharrei erantzuteko.
Eusko Legebiltzarreko banderak ere haga erdian jarri dituzte. Horrela, Ganberak bat egin du Lehendakaritzak deitutako bi dolu-egunekin.
Kaltedunentzako telefono zenbakia: 900 117 816