Gizartea -
Genero indarkeria
Gasteizek 10 minutuz geldituko ditu jaiak igandeko sexu-erasoa salatzeko
Bestalde, Udalak elkarretaratzea egingo du bihar, 13:00etan, Plaza Berrian, eta mugimendu feministak gaurko deitutako protestan parte hartuko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gauerdian jaiak 10 minutuz gelditzeko deia egin du Gasteizko Udalak, eta arratsaldeko paseoan 10 minutuko isilunea egiteko eskatu die blusei, igandean izandako sexu-eraso saiakera gaitzeste aldera.
Ikerketa sakon baten ondotik, Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, 23:30 jota, erasoaren ustezko egilea zelakoan.
Udalak 10 minutuko etenaldia deitu du festen kariaz antolatutako ekitaldi guztietan, eta 10 minutuko etenaldia egitera gonbidatu ditu ostalariak eta txosnak.
Bestalde, Udalak elkarretaratzea egingo du bihar, 13:00etan, Plaza Berrian, "Gasteiz: eraso matxisten aurka" lelopean, eta mugimendu feministak Andre Mari Zuriaren plazan gaurko, 20:00etarako, deitutako protestan parte hartuko du.
Ohar batean, "azken aldian izandako sexu-erasoez" mintzatu da Udala, igandean gasolina-zerbitzugune batetik hurbil gertatutako erasoaz, besteak beste.
Esan bezala, bortxaketa saiakera "irmoki" gaitzetsi dute udal ordezkariek, eta biktimari babesa agertu, eta laguntza psikologikoa zein juridikoa eskaini dizkio.