Gizartea -
Indarkeria matxista
Bost gizonezkok emakume bat bortxatu dute Benidormen
Biktima eta beste gazte bat Alfaz del Piko osasun-etxera joan ziren gauerdian. Handik, Guardia Zibilari eman zioten jazotako erasoaren eta sexu-abusuaren berri.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
18 eta 19 urte bitarteko bost gizonezko atxilotu zituzten astearte gauerdian Benidormeko (Alacant) apartamentu batean 20 urteko emakume bat bortxatu zutelakoan.
Alacanten oporretan zeuden turistak dira guztiak, eta Instagram bidez ezagutu omen zuten biktima, baita haren lagun bat ere. Azken horrek, baina, apartamentutik alde egin ahal izan zuen.
Gauez gertatu zen erasoa, baina 01:45ean izan zuen Poliziak gertatutakoaren berri. Ordu horretan, bortxatutako emakumea eta beste gazte bat Alfaz del Piko osasun-etxera joan ziren. Handik, jazotako erasoaz eta sexu-abusuaz ohartarazi zuten Guardia Zibila.
Ordu batzuk geroago, 04:00ak aldera, atxilotu zituzten bost gazteak, eta Alteara eraman zituzten.
Biktimak agenteei esandakoaren arabera, Instagramen ezagutu zituzten bost gizon gazteak, eta Benidormen geratu ziren haiekin.
Erasotzaileak atxilotzen laguntzeko, aipatu sare sozialean zituzten profilak erakutsi zizkien biktimak agenteei.
Bien bitartean, bi emakumeak Villajoyosako ospitalera eraman zituzten, senda-agiria jaso aurretik.
Ikerketa zabalik dago oraindik. Atxilotuak epailearen aurrera eraman dituzte.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.