Gizartea -
Gasteiz
Bi pertsona atxilotu dituzte genero-indarkeriagatik Gasteizen
Horrez gain, hirugarren pertsona bat atxilotu dute etxeko indarkeriagatik.
eitb.eus
Udaltzaingoak 32 urteko gizon bat atxilotu du genero-indarkeria eta bikotekide ohia behartzea egotzita.
Ostiralean, 13:00ak aldera, patruila bat Independentzia kaleko aparkaleku batera joan zen, lekukoen arabera, bi pertsona eztabaidatzen ari baitziren eta erasoa egon baitzen.
Udaltzainek biktima aurkitu zuten, eta hark kontatu zien minutu batzuk lehenago liskarra izan zuela bikotekide ohiarekin arrazoi ekonomikoengatik, eta mugikorra kendu ziola, indarrez.
Beste patruila baten laguntzarekin, harrapatzea lortu zuten, eta, bi bertsioak entzun ondoren, atxilotu egin zuten.
Horrez gain, udaltzainek 39 urteko gizon bat eta 21 urteko emakume bat atxilotu zituzten atzo, genero indarkeriaren delitua egotzita gizonari eta etxeko indarkeriaren delitua egotzita emakumeari, elkarri eraso egiteagatik.
07:30ean egindako dei baten bidez ohartarazi zuten Txagorritxu kalean emakume bat laguntza eske ari zela. Patruila bat bertaratuta, emakumearekin eta horren bikotekidearekin hitz egin zuten agenteek, eta bertsio kontrakoak jaso zituzten.
Biek erasoen markak zituztenez, atxilotu egin zituzten, eta, Aguirrelandara eraman aurretik, bakoitza ospitale batera eraman zuten zauriak sendatzera.
________________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.