Gizartea -
Indarkeria matxista
Alavesek indarkeria matxista gaitzetsi du, Verdonen atxiloketaren ostean
"Esparru pertsonalari" eragiten dizkioten arrazoiengatik atxilotu dutela esan du futbol taldeak; horrenbestez, auzi horrek Deportivo Alavesekin harremanik ez duela azpimarratu du.
agentziak | erredakzioa
"Edozein motatako indarkeriaren, eta, batez ere, genero indarkeriaren aurka dagoela" esan du ostegun honetan Deportivo Alavesek, Oliver Verdon lehen taldeko jokalaria bikotekideari ustez eraso egin eta atxilotua izan ostean. Halaber, "indarkeria arbuiatu eta irmoki gaitzesten duela" azaldu du taldeak.
Verdon atzo (asteazkena) atxilotu zuten Gasteizen bikotekideari eraso egitea egotzita. Jokalaria aske utzi dute ostegun honetan epailearen aurrean deklaratu ostean.
Alaveseko administrazio kontseiluak agiri batean azpimarratu duenez, "esparru pertsonalari" eragiten dizkioten arrazoiengatik atxilotua izan dela esan du; eta, horrenbestez, Deportivo Alavesekin harremanik ez duela azpimarratu du taldeak.
Bestalde, defentsa- eta errugabetasun-presuntzioa, zein epailearen ekimenak errespetatuz, Alavesek "beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela" ohartarazi du.
Manu Garcia kapitainaren gaitzespena
Manu Garcia Alaveseko kapitainak "emakumearen aurkako indarkeriaren arbuioa oinarrizkoa" dela esan du.
Bere taldekidearen atxiloketaren gaia klubaren adierazpen ofiziala aipatuta itxi du gasteiztarrak.
__________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.