Gizartea -

BILBOKO JAIAK

2019ko Aste Nagusiari hasiera emateko prest dago Bilbo

Txupina eta Marijaiaren harrera 19:00etan izango dira, Arriaga Antzokian.

Marijaia, Arriaga Antzokiko balkoian. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Marijaia, Arriaga Antzokiko balkoian.
Marijaia, Arriaga Antzokiko balkoian. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko hiriburua Aste Nagusiari hasiera emateko prest dago, txupinaz gozatzeko eguna heltzear baita. Txupina eta Marijaiaren harrera Arriaga Antzokian egingo dute, larunbatean, 19:00etan. Ekitaldi horiek ETB2n eta eitb.eus-en zuzenean ikusteko aukera izango da, 18:00etatik aurrera.

Bilboko jaien hasierako protagonistak bi emakume izango dira. Txupinazoa Itsasne Nuñez Otxarkoagako Pa... Ya! konpartsako kideak botako du, eta pregoilaria Bea Sever Naizen elkartearen bozemailea izango da. "Aste Nagusiaren historian hizki larriz idatzita geratuko diren bi emakume dira", Itziar Urtasun Bilboko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziaren esanetan.

Zortzi egunez, abuztuaren 17tik 25era, askotariko ekitaldiak izango dira Bilbon: antzerkiak, kontzertuak, dantzaldiak, su artifizialak, erraldoiak eta buruhandiak eta herri-kirolak, besteak beste.

Ehun musika emanaldi baino gehiago, dantza tradizionalen bi saio egunero, mundu mailako ospea duten zazpi konpainia piroteknikoren su artifizialak eta adin guztietako umeentzako ekitaldiak eskainiko ditu Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoak. Egitarau osoa eitb.eus-en egunez egun kontsulta daiteke.

Kontzertuak zortzi agertokitan egingo dituzte, abuztuaren 17tik 24ra. Abandoibarrean, esaterako, Su Ta Gar, Sweet California, Duo Dinamico eta La M.O.D.A. arituko dira, eta Europa Parkean, berriz, Huntza, Revolta Permanent eta Pedro Capo.

Aste Nagusian haurrentzat izango diren ekitaldiei dagokienez, Bilboko Udalak Txikigunea izango du Casilda Iturrizar parkean, familiek denetariko jarduerez goza dezaten. Bestalde, Balearen desfilea abuztuaren 18an izango da; Balea, Olagarroa, Txangurroa eta Bisigua 19:00etan abiatuko dira Plaza Biribiletik, eta Kale Nagusian zehar ibiliko dira.

Konpartsen egitaraua

Bilboko Konpartsen Federakundeak, gainera, 550 ekintza baino gehiago eskainiko ditu Aste Nagusian zehar. Konpartsen egitarau hori ere eitb.eus-en kontsultatu ahal da. Konpartsen aurkezpenean, jaiak prestatzeko urte osoan egin duten lana azpimarratu dute, eta bereziki nabarmendu dute jokabide sexisten aurkako lana.

Bilboko txosnetan, erasoen aurkako mezuak erakutsiko dituzte aurten. Eraso sexistarik egotekotan, txosnek erasoak salatzeko protokoloa jarriko dute abian. Horren pausoak publikoak dira, eta konpartsen webgunean daude jasota.

Eraso matxisten aurka

Bilboko Udalak Bilboko Aste Nagusirako egin duen 'Baiezkoan bai, bestela ez' kanpainaren helburuak "emakumeen indarra bultzatzea, gizonen erantzukizun aktiboa sustatzea eta gizarteak jarrera aldaketa bat eragitea" dira.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak eguneko 24 orduetan egingo dituzte zaintza-lanak, bereziki, jende gehien biltzen den lekuetan: Areatza, Plaza Biribila, Zazpikaleak, Erkoreka plaza, Etxebarria parkea, Abandoibarra, Casilda Iturrizar parkea, Indautxu eta Moyua plaza.

Horrez gain, aurreko urteetan bezala, galdutako objektuen zerbitzu berezia eskainiko dute Udaltzaingoaren bulegoetan, aurkitu diren objektuak jabeei lehenbailehen itzuli ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko Aste Nagusia aurten Bilboko azken albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bilboko Aste Nagusiko egitaraua albisteak