Gizartea -

Debekuari aurre eginez

Milaka lagunek kaleak hartu dituzte gogoeta-egunean

- 21 eta 22rako deialdirik ez dutela egingo esan dute antolatzaileek.

- Hauteskunde-batzorde Zentralaren erabakiaren aurka IUk aurkeztutako helegitea atzera bota du Gorenak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nahiz eta Hauteskunde-batzordeak elkarretaratzeak debekatu, M-15 mugimenduaren elkarretaratzeek Espainiako kaleak eta plazak hartu dituzte. Gainera, Izquierda Unidaren helegitea ez du onartu Auzitegi Gorenak eta Hauteskunde-batzordearen erabakia berretsi du. Azkenik, hitza kaleen eskuetan utzi du Poliziak. Horrela, milaka lagunek kaleak hartu dituzte euren haserrea adierazteko, gutxienez hauteskunde egunera arte.

Protestek baimen administratiborik ez dutela jakinaraziko die gauean Espainia osoan elkarretaratzeetan parte hartzen ari diren lagunei Poliziak. Baina Poliziak ez ditu elkarretaratzeak desegingo, legeak ez baitu neurri hori babesten, Barne Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez.

Elkarretaratzeetan diren lagunak eta horiekin bat egin nahi duten pertsonek zigor posibleen berri izango dute. Hauteskunde-legeak eta Herritarren Segurtasun Legeak zigorrak aurrikusten dituzte. Hala ere, manifestaldi batek baimenik ez izatea protesta desegiteko nahikoa ez dela errepikatu dute iturriek, Europako zein Espainiako legediaren arabera.

Polizia gaueko hamarretan azalduko da kanpaldian elkarretaratzea legez kanpokoa dela jakinarazteko, baina plaza hustu egingo ez dutela azalduko dute, Madrileko Puerta del Solen "Plaza hartu" mugimenduko bozeramaile batek baieztatu duenez.

Legeak manifestaldiak desegitea babesten ez duela azaldu du gaur Estatuko Abokatutzak egindako txosten batek. Hauteskunde-batzorde Zentralaren atzoko ebazpena aztertu du Estatuko Abokatutzak.

Baimen administratiboaren gabezia ez da nahikoa Gobernuak elkarretaratzeak desegitea agintzeko, Estatuko Abokatutzak azaldu duenez.

Gogoeta-egunean eta bozketa egunean elkarretaratzea debekatzeko erabakia hartu zuen atzo Hauteskunde-batzorde Zentralak. IUk neurri horren kontrako helegitea aurkeztu zuen, baina Auzitegi Gorenak atzera bota du gaur. Koalizio horrek erabakia errekurritzeko legitimaziorik ez duela argudiatu du Gorenak.

Gobernua

Era berean, Gobernuaren hitzetan, Espainiako araudiak eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziak ez dute manifestazio baketsu bat desegitea onartzen, baimendua ez badago ere, Gobernuko iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez.

Ezer baino lehen, Hiritarren Segurtasun Legea, biltzeko eskubidea eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaia kontuan hartu behar dela esan du Gobernuak; izan ere, "tolerantzia handiagoa" izan behar da protesta baketsua denean.

"Oihu mutua"

M-15 mugimenduko kideek oihu mutua egin dute gaur gauean, 0:05etan, Madrilgo Puerta del Solen. Deitzaileek ahoa estaltzeko zinta ekartzeko deia egin dute. Zinta ahotik kendu eta "zeruari oihu mutua" egin diote gaur gauean.

Mugimendu honen arabera, Hauteskunde Batzorde Zentralaren debekua errespetatu egingo dute. Maiatzaren 21erako eta 22rako deialdirik ez dutela egin, eta ez dutela egingo, berretsi dute. Hala ere, elkarretaratzeetan parte hartzen ari direnen "gogoetak" aurrera egin dezakeela azaldu dute, "azken egunetan gertu den bezala".

Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak kanpainaren azken ekitaldietara ez joatea erabaki du. Horren ordez, Poliziarekin batzartu egingo da, egoera aztertzeko.

Gaur goizean lasai esnatu dira Madrilgo Puerta del Solen. Orotara 300 manifestari egon dira goizeko lehen orduetan; goizaldean, 2:00ak aldera, milaka lagunek egin dute bat Soleko elkarretaratzearekin. Euria ez da bart agertu.

Jatekorik ez dute behar. Izan ere, jendeari janaria ez ekartzeko eskatu diote, gehiegi daukatelako. Hala ere, goizaldeko 4:00etan olioa eta gasolina eskatu dute, argindarra mantendu ahal izateko.

Gasteizen

Benetako Demokrazia plataformak bertan behera utzi du larunbateko manifestazioaren deialdia, Arabako Hauteskunde Batzordeak manifestazioa debekatu ostean. Hala ere, hiritarrak "aske dira modu baketsuan hausnarketa egitera joateko".

"Ordena publikoaren asaldura larriak" baldin badaude soilik ekingo du Ertzaintzak manifestarien aurka, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Hauteskunde Batzordeak manifestazioak debekatu ditu

''15-M Mugimendu''ak deitutako manifestaldi guztiak debekatu ditu Hauteskunde-batzorde Zentralak, gogoeta-egunean zein hauteskunde egunean egin behar zituztenak. Madrilgo Hauteskunde Batzordeak ere manifestazioa debekatu du.

Maiatzaren 21ko 00:00etatik (gogoeta-eguna) aurrera eta bozketa egunean zehar egiten diren "elkarretaratze eta bilera" guztiak "hauteskunde-legearen kontrakoak" direla erabaki du Hauteskunde-batzordeak.

Ondorioz, elkarretaratze horiek "ezin izango dira egin", ohartarazi du Hauteskunde-batzordeak, sei ordu eta erdi eztabaidatzen eman ostean adostutakoaren arabera.

"Kasu honetan, hauteskunde-prozesu batean diren hautagaitzen aldeko botoa eskatzea edo hautagaitza guzti horiek boto eskubidetik at uztea eskatzea hauteskunde-legearen aurkako jarrerak dira eta manifestaldi eskubidea gainditzen dute, Hauteskunde-batzordearen esanetan", azaldu du.

Probintzietako hauteskunde-batzorde guztiei eta Estatuko Abokatutza Nagusiari erabakiaren berri emango die Hauteskunde-batzorde Zentralak.

Lehenxeago, igandera arte Puerta del Soleko plazan mantentzea erabaki dute manifestariek batzarrean. Igandean hauteskundeak izango dira eta larunbatean manifestaldia deitu dute Solen bildutakoek, nahiz eta gogoeta-eguna izan.

''Soleko Kanpaldia'' izeneko mugimenduak batzarrean hartu du erabakia, hala ere, sortutako batzordeei igorri zaie, horiek adostutakoa berretsi dezaten.

Batzorde horietako bozeramaile batek azaldu duenez, adostutako proposamen bakoitza "behetik onartzea" da helburua, parte-hartzea bultzatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea