Gizartea -
EPAIA
Homizidio arduragabeagatik zigortu dute Arrasaten jaioberria kalean utzi zuen ama
Epaileak lau urtez heziketa zentro batean egotera zigortu du. Dena den, epaia ez da irmoa, eta aldeek helegitea aurkezteko aukera izango dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aurtengo martxoan Arrasaten hilda aurkitu zuten haur jaioberriaren auzian, epaileak arduragabekeriazko homizidioagatik kondenatu du haurtxoaren ama.
Hortaz, Donostiako Adingabeen Auzitegiak lau urtez heziketa zentro batean erregimen erdi-irekian egotera zigortu du. Epaitutakoa gertatu zenean haurtxoaren ama adingabea zen, baina gaur egun adinez nagusia da.
Kasu horrekin lotutakoek azaldu dutenez, epaia ez da irmoa. Ondorioz, aldeek helegitea aurkezteko aukera izango dute.
Adingabeen Fiskaltzak eta defentsak epaiketan zehar egindako eskaera subsidiarioa aintzat hartu du epaileak. Lehen eskari gisa, bost urteko itxialdiaz gain, beste bi urtez zaintzapeko askatasunean egotea eskatu zuen Ministerio Publikoaren ordezkariak. Defentsak, ostera, absoluzioa eskatu zuen.
Epaiketa uztailean eta abuztuan egin zuten, ateak itxita, hiru saiotan.
2019ko martxoaren 3an bizilagun batek hilda aurkitu zuen jaioberria, Galizia kalean aparkatuta zegoen auto baten azpian. Hurrengo egunean atxilotu zuen Ertzaintzak ama, 17 urtekoa, Debagoieneko Ospitalean zegoela.
Zaintzapean izan zuten, jaioberriaren ama biologikoa zela egiaztatu arte, eta adin txikikoentzako zentro batean sartzeko agindu zuen epaileak ondoren.