Gizartea -

Mundu osoko deialdia

Milioika lagunek neurriak galdegingo dituzte, klimaren aldeko grebaren atarian

Gaurtik hasita greba orokorraren egunera arte (hilak 27), 5.000 mobilizazio eta ekitalditik gora antolatu dituzte 156 herrialdetan. Euskal Herrian ere dozenaka mobilizazio daude deituta.

Fridays for Future mugimenduaren manifestazio bat Stockholmen. Argazkia: EFE
Fridays for Future mugimenduaren manifestazio bat Stockholmen.
Fridays for Future mugimenduaren manifestazio bat Stockholmen. Argazkia: EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure planetaren aldeko eta klima aldaketaren kontrako mobilizazio historikoak izango dira datozen egunetan mundu osoan. Izan ere, gaur zortzi, irailaren 27an, greba orokorra dago deituta, eta horren atariko, hilaren 20 honetatik milaka ekitaldi antolatu dituzte Klimaren aldeko Astean (hilaren 20tik 27ra). Deialdia Fridays for Future mugimenduak egin du, eta mundu osoko ehunka talde ekologista, sindikatu, ikasleen elkarte eta agente politikoren babesa izan du.

Fridays for Future mugimenduaren arabera, zazpi egunotan 5.225 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte 156 herrialdetan (zerrenda, baina, etengabe handitzen doa). Espainiako Estatuan, esaterako, 114 mobilizazio ditu aurreikusita klimaren aldeko mugimendu horrek. Euskal Herria ere ez da salbuespena, eta gaur kontzentrazioak daude iragarrita hiriburu guztietan (Bilbon, 19:00etan, Guggenheimeko zabalgunea; Donostian, 18:00etan, Alderdi Ederren; Gasteizen, 12:00etan izan da, Plaza Berrian; Iruñean, 18:00etan, Udaletxe plazan eta Baionan, 08:15ean egin dute Rene Cassin eskolan). Horrez gain, aste guztian zehar hitzaldiak, mobilizazioak eta ikastaroak izango dira Klimaren aldeko Aliantzak antolatuta.

Ikasleak (Greta Thunberg suediarrak haragitu du hobekien ekimena) izan dira mugimenduaren erroa, baina laster bildu zaizkie beste elkarte batzuk ere. 350.org mundu mailako talde ekologistaren arabera, 73 sindikatuk, 820 elkartek eta 2.500 enpresek egin dute bat grebari begirako euren manifestuarekin. Grebak interneten ere izango du oihartzuna,  6.323 webgunek lanuztearekin bat egingo dutela iragarri baitute. Espainiako Estatuan Klimaren aldeko Aliantzak eta 300 bat erakundek babestu dute deialdia.

Helburua mundu osoko herritarrek ahots bakarra balute moduan bat egitea da, klima aldaketak ekarriko dituen ondorioez ohartarazteko eta erakunde publiko zein politikariei neurriak galdegiteko.

New York, mobilizazioen erdigunea

Irailaren 23an, hain zuzen, Nazio Batuen Erakundeak deituta, Klimaren Goi-bilera egingo dute New Yorken, urte amaieran Txilen egingo duten Klima Konferentziarako negoziazioetan anbizioa suspertzeko helburuarekin.

Greta Thunberg Fridays For Future mugimendua iradoki duen gazte suediarra New Yorkeko elkarretaratzean egongo da; Europatik Amerikara bidaiatu zen Malizia belaontzian, emisio kutsatzaileak bota barik. New Yorkekoa klimaren aldeko elkarretaratzerik jendetsuena bihur daiteke.

Izan ere, hiriko Udalak eskola publikoetako 1,1 milioi ikasleri baimena eman die eskola galtzeko eta grebetara joateko; greba horietan, gainera, Thunberg bera izango da beste aktibista gazte askorekin batera hitzaldiak ematen.

Washingtonen, esaterako, oinarrizko azpiegiturak blokeatu nahi dituzte aktibistek hiria geldiarazteko.

Mundu mailan, Nazioarteko Sindikatuen Konfederazioak grebak babestu ditu, baita Europan ere. Esaterako, Erresuma Batuan grebak babestu dezatela eskatu diete sindikatuen elkarteko 5 milioi kideei. Irlandako Forsa sindikatuak eskaera bera egin di bere 80.000 kideei. Italian, berriz, CGIL sindikatu nagusiak bos milioi kide baino gehiago ditu eta asanbleak deituko ditu irailaren 27an lantokietan.

Bestalde, 600 osasun-langile baino gehiagok ziurtagiriak sinatu dizkiete osasun ikasleei, klima aldaketak osasunean duen eragina salatzeko.

Seattlen Amazonek dituen 900 langileek greba egingo dute enpresak ingurugiroa saintzen ez duela salatzeko, Google eta Microsoft enpresetako langileek ere grebak babestuko dituztela esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nafarroa New York Iparraldea Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Gazteak albisteak Larrialdi klimatikoa albisteak