Gizartea -

Mendeurrena

Nazioartekotzea eta digitalizazioa, Euskaltzaindiaren erronkak

Urrutiak gogorarazi duenez, Euskaltzaindia "bere sorreratik mugaz gaindiko erakunde anitza" izan da, euskara "ere mugetan bizi delako eta euskaldunak anitzak direlako".

Euskaltzaindiak mendeurrenaren ospakizunak bukatu ditu. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Euskaltzaindiak mendeurrenaren ospakizunak bukatu ditu. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Euskaltzaindiaren lehen osoko bilkura egin zuten leku berean ospatu dute mendeurrena

1:44

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaltzaindiak mendeurrena ospatu du aurten, baina "etorkizunean" finkatuko ditu begiak; "nazioartekotzea", "digitalizazioa", "profesionalizazioa" eta "sozializazioa" izango dira "lanerako ardatz" nagusiak.

Andres Urrutia presidenteak hitza hartu du mendeurrena ospatzeko amaiera ekitaldian, larunbat honetan. Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du parte.

Nafarroako eta EAEko erakundeetako agintari ugari izan dira ekitaldian, baita politikari eta euskal kultura zein euskara munduko ordezkari asko ere. Gipuzkoako Aldundiaren jauregian egin dute, Euskaltzaindiak aurreneko bilera bertan egin baitzuen 1919ko urriaren 7an, Resurreccion Maria Azkue lehen presidente izendatu zutenean.

Lehendakariarekin batera, Bakartxo Tejeria eta Unai Hualde Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko presidenteak, hurrenez hurren; Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria; Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia; Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatua eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea, besteak beste, izan dira ekitaldian.

Guztiek soka-dantzaz gozatzeko aukera izan dute jauregiaren kanpoaldean. Ondoren, eraikin barruan ekitaldia egin dute. Bideo bat ikusi ostean, Andres Urrutiak hitza hartu du, gizarteari eta erakunde guztiei "euskal hizkuntzaren alde lanean jarraitzeko" deia egiteko; izan ere, "batzen gaituen kultura ondarearen osagai esanguratsua da, gure izaeraren ikur eta gizarte kohesiorako tresna".

Olano: "Euskara indartzeko prozesua bidegurutzean dago"

100 urteko historian Euskaltzaindiaren lorpenak goraipatu ditu Urrutiak. Buruzagiaren ahotan, Euskaltzaindia "bere sorreratik mugaz gaindiko erakunde anitza" izan da, euskara "ere mugetan bizi delako eta euskaldunak anitzak direlako".

"Gainera, euskararen lurralde guztietan erakunde aholkulari ofiziala da. Hizkuntza erakundetzea lortu dugu eta euskal gizarteari zerbitzua etengabe eman diogu", nabarmendu du.

Horregatik, Euskaltzaindiak euskal gizartearen kultura eragileekin batera modu "ahalik eta irekienean" lanean jarraitu beharra du, erantsi duenez.

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, Euskaltzaindiaren 100 urteetan nahikoa aukera izan dira "nola, zergatik eta zertarako" sortu zen gogorarazteko.

Zentzu horretan, XX. mendeko aurreneko urteetan euskararen "suspertzeaz" hitz egiten zela azaldu du Urkulluk, baina ondoren "garai ilunak" etorri ziren, beranduago euskara batua sortu eta hizkuntzarentzako "ekarpen izugarria" izan zen.

Azkenik, "euskara indartzeko prozesua bidegurutzean" dagoela adierazi du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Olanoren hitzetan, "bultzada berri bat emateko" eta gizarteak zein erakundeek "norabide berean bultzatzeko" unea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Euskaltzaindia