Gizartea -
EAE-ko datuak
3.000 emakume baino gehiagok indarkeria matxista jasan dute, 2018an baino % 3 gehiago
2.152 emakumek bikotekide edo bikotekide ohien erasoak jasan dituzte, 607 emakumek familia barruko indarkeria salatu dute eta beste 254k sexu askatasunaren aurkako delituak salatu dituzte Euskadin.
Agentziak
2.152 emakumek bikotekide edo bikotekide ohien erasoak jasan dituzte urteko aurreneko zortzi hilabeteetan Euskadin. Iaz epe berdinean 2.077 biktima zenbatu zituzten, ondorioz, erasoen kopuruak % 3,61 egin du gora, Emakundek bildutako Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko datuen arabera.
Gainera, 607 emakumek familia barruko indarkeria (bikotekide edo bikotekide ohiarena kenduta) jasan dute urteko lehen zortzi hilabeteetan. 2018ko urtarriletik abuztura, 593 biktima izan ziren; horrenbestez, kopuruak % 2,36 egin du gora.
Gainera, 254 emakumek sexu askatasunaren aurkako delituak salatu dituzte Euskadin, iragan ekitaldian baino % 0,4 gehiago. Guztira, 3.013 emakumek (486 Araban, 1.592 Bizkaian eta 935 Gipuzkoan) indarkeria jasan dute, 2018an baino % 3 gehiago.
Lurraldeka, sexu askatasunaren aurkako delituek nabarmen egin dute gora Gipuzkoan (2018an % 10,8; 83,92 aurten), familia barruko indarkeria kasuek % 18,4 egin zuten gora Araban (2018an, 87; 103 aurten) eta bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako indarkeria kasuek % 7,7 Gipuzkoan (2018an 611; 658 aurten).
Berbiktimizazioa
Era berean, emakumeen berbiktimazioak gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan. Zentzu horretan, 3.620 salaketa aurkeztu dituzte abuztura arte, 2018ko lehen zortzi hilabeteetan baino % 2,17 gehiago.
Lurraldeka, salaketek % 9 egin zuten gora Gipuzkoan (2018an 1.042; 1.136 aurten) eta % 6,5 Araban (2018an 538; 573 aurten). Bizkaian, aldiz, berbiktimazioak % 2,6 egin zuen behera (2018an 1.963; 1.911 aurten).
Indarkeria kasuei dagokionez, bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumeen aurka egindakoek % 1,5 egin dute gora: 2.691 kasu urtarriletik abuztura bitartean. 2018ko aurreneko zortzi hilabeteetan, 2.651 eraso izan ziren.
Gorakadarik handiena familia barruko indarkerian eman zen; izan ere, % 5,64 egin zuen gora, 674 eraso salatuta (2018an 638 kasu).
Azkenik, sexu askatasunaren aurkako 255 eraso zenbatu zituzten. Ondorioz, 2018ko lehen zortzi hilabeteekin alderatuta, % 0,4 egin du gora.
--------------------------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.