Gizartea -
2030 Agenda
Arabako erdialdea eta Arabako Errioxa, lurralde-planak berritzen aurrenak
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dute, bi egitasmoak berriz aztertzeko.
Agentzia | Erredakzioa
Arabako erdialdea eta Arabako Errioxa lurralde-plan partzialak (LPP) berrituko dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko lehen eskualdeak izango dira, Eusko Jaurlaritzak iragan udan Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berritu ondoren.
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dute ostiral honetan, bi egitasmoak berriz aztertzeko. Lurralde antolamendurako tresnak dira, udalen eskumenak gainditzen dituzten gaietan.
Euskadik 15 zonalde ditu lurralde-plan partzialekin. LAG berriei egokituko diren aurrenekoak izango dira Arabako bi zonaldeak, hurrengoa Bilbo izango da.
Etorkizunari begira, LAG berriek sektore eta hirigintza egitasmoak jaso dituzte: klima aldaketaren erronka, genero ikuspegia, biztanleriaren zaharkitzea eta haren ondorioak, irisgarritasuna, immigrazioa eta parte-hartze publikoa lurraldearen gobernantzan.
Lurralde estrategia berriaren oinarriak bat datoz NBEk onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak identifikatutako erronkekin.
Araba erdialdeko plana Eusko Jaurlaritzak eguneratuko du. 32 udalerri hartzen ditu zonaldeak, horien artean, Gasteiz, eta lurralde historikoaren zati handi bati eragingo dio.
Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak azaldu duenez, Lautada inguratzen duten espazio naturalen eta barnealdekoen arteko lotura ekologikoa bermatzeko lan egingo dute: Salburua, harizti-uharteak eta ibilguak, besteak beste, hiriburuko Eraztun Berdearekin batera, "ekosistemen konexioa sendotzeko funtsezko piezak direlako".
Arabako Errioxari dagokionez, Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza foru diputatuak azaldu duenez, Aldundiak upategiak lurzoru urbanizaezinean jartzeko eta bodegak hobetzeko irizpideak barneratuko ditu.