Gizartea -
Katu batek kosk eginda
Gizon bat ospitaleratu dute Gasteizen, amorrua duelakoan
Kasu susmagarri honen berri eman du Osakidetzak. "Inportatutako" kasua litzateke; izan ere, katu batek hanka batean kosk egin zion penintsulatik kanpo.
Agentzia | Erredakzioa
Gizon bat Gasteizko Santiago ospitalera eraman dute amorrua duelakoan. Katu batek kosk egin zion iragan urrian, penintsulatik at.
Kasu susmagarri honen berri eman du Osakidetzak. "Inportatutako" kasua litzateke; izan ere, katu batek hanka batean kosk egin zion penintsulatik kanpo.
Urrian gertatu zen, baina sintomak ikusita amorrua izan daitekeela uste dute, eta horregatik gizona ospitaleratzea erabaki dute.
Kasua baieztatzeko zain, protokoloa martxan jarri du Osakidetzak, eta prebentzio neurriak hartu ditu dagoeneko.
Era berean, gizonak inguruko pertsonekin izan dituen harremanak aztertzen hasi dira, eta kasuaren berri eman diote Osasun Ministerioari.
Euskadin, azken 30 urteetan amorru kasu bakarra izan da, eta iragan abenduan eman zuten haren berri. Orduan ere, animalia batek pazienteari kosk egin zion Marokon. Pazientea abenduaren 13an hil egin zen, Gurutzeta Ospitalean.
Osakidetzak zehaztu duenez, amorrua gaixotasun birikoa da, eta nerbio sistema zentralari eragiten dio. Listuaren bidez edo etxe-abereek zein animalia basatiek kosk eginda ala atzaparkaden bitartez kutsatzen da.
Amorruaren inkubazio epea oso aldakorra da. Astebetetik urtebetera joan daiteke, baina ohikoena bi hilabete dira.
Azken kasu hau amorrua den ala ez zehazteko emaitzak datozen egunetan jakinaraziko dituzte. Hala ere, Euskadiko etxe-abereek amorrurik ez dutela azpimarratu du Osakidetzak.
Etxe-abereei amorruaren aurkako txertoa jartzea ez da derrigorrezkoa EAEn, baina txakurren % 40k txertoa jaso dute.
Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak iragan astean iragarri zuenez, txakurrentzat eta katuentzat amorruaren aurkako txertoa derrigorrezkoa izatea komeni ote den aztertuko dute erakundeek eta adituek.