Gizartea -

Zaldibarko luizia

Amonio eta metalen presentzia igo egin da Zaldibar inguruko ibaietan, URAren arabera

Dena dela, txorrotako ura "normaltasunez" edaten jarraitu ahal dela azpimarratu du Uraren Euskal Agentziak, zabortegiko lixibiatuen maila "etxeko hondakin-uren baliokidea" delako.

Ego ibaia, Ermua parean. Joaquin Sanchezen artxiboko argazki batean.
Ego ibaia, Ermua parean.
Ego ibaia, Ermua parean. Joaquin Sanchezen artxiboko argazki batean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

URA Uraren Euskal Agentziak Zaldibarko zabortegiaren inguruko ibaietako uren kalitatea aztertu eta horren inguruko azken txostena kaleratu du (luizia izan zenetik, hilaren 6tik, 11ra artekoa). Horren arabera, gora egin du amonio eta metalen presentziak. Azken horien artean, kadmioa, nikela eta selenioa antzeman dituzte.

Twitter kontuan herritarrek egin dizkieten galderei erantzunez, URAko arduradunek nabarmendu dute txorrotako ura "normaltasunez" edaten jarraitu ahal dela: "Aixolako ubidean, zabortegiko urak —lixibiatuak— heltzen diren lekuan, orain arte jasotako datuak eskuan, esan dezakegu ibaira isuritakoa etxeko hondakinen-uren baliokidea dela, eta, beraz, iturriko ura normaltasunez kontsumitzen jarraitu ahal dela".

Aipatutako txostenean, Aixolako ubidean eta Ego ibaian otsailaren 11n jasotako laginen analisia egin du URAk. Amonioa topatu dute "maila esanguratsuan", hondakindegietako lixibiatuen artean ohikoa den substantzia. Horrez gain, "konposatu organiko batzuk ere aurkitu dira, hala nola, disolbatzaile organikoak eta hidrokarburoak, baina badirudi horien kontzentrazioa ez dela esanguratsua".

Ondorioztatutakoen artean, honakoak aipatu dituzte txostenean: "Ez dira ingurumen kalitatearen arauen mugak gainditu hilaren 11ra arte aztertutako inongo parametrotan, amonio mailan salbu". Amonio maila altu hori Aixolako ubidean, alegia, zabortegiaren uretan behera, hartutako laginetan antzeman dutela zehaztu dute, eta "ziurrena zabortegiaren lixibiatuari dagokio", ondorioztatu dutenez. 

Ego ibaian Ermua eta Eibar artean dagoen kontrolgunean ere, amonioaren presentzia altua antzeman dutela zehaztu du URAk, baina "etxeko hondakin-urak tratatu barik isurtzen dituztelako" dela gaineratu du.

Azkenik, horren arabera, "kontrolen hasieratik antzeman da lixibiatuen emaria handitu da" eta "metal batzuk (kadmioa, nikela eta selenioa) ere" topatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Ermua Eibar Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar Ura Ibaiak Kutsadura gaur Durangaldea gaur Luiziak gaur