Gizartea -

Zaldibarko luizia

Zaldibarko zabortegia aparra erabiliz zigilatzen jarraitzen dute, suteak saihesteko

Bitartean, desagertuta dauden bi langileak hondakindegiko beste gune batean ari dira bilatzen. Halaber, lurra eta hondakinak egonkortzeko lan egiten ari dira zabortegian, bilaketa errazteko.

Helikopteroak aparra botatzen du, suteak saihesteko. Artxiboko argazkia: EFE
Helikopteroak aparra botatzen du, suteak saihesteko
Joaquin eta Albertoren bilaketa lanak zabortegiko eskuineko aldean zentratu dituzte

1:17

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaldibarren hilaren 6an eraitsi zen zabortegiaren gainean aparra botatzen jarraituko du helikoptero batek, eta substantzia hori banatuko dute hondakindegi osoan. Bitartean, lurperatuta dauden bi langileen bilaketa-lanak zabortegiko beste gune batean ari dira egiten larunbatetik, eta, horrez gain, lurra eta hondakinak egonkortzeko lanean dabiltza, bilaketa hori errazte aldera.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Osasun, Segurtasun, Lan eta Justizia Sailetako teknikariek bilera izan dute astelehen goizean, Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariekin, eta zabortegian egiten ari diren lanak aztertu dituzte. Bilera amaituta jakinarazi dutenez, "bilaketa-lanek eta lurraldea egonkortzeko lanek normaltasunez jarraitzen dute. Egoerak modu positiboan egin du aurrera sutearen kontrolari eta jarraipenari dagokionez, bai eta lurraldearen egonkortzeari eta airearen kontrolari dagokienez ere".

Helikopteroaren aurreikuspena zen astelehen honetako goizean hiru ordu ematea lanean, adierazi dute. Eusko Jaurlaritza asteburu honetan hasi da helikoptero hori erabiltzen, zabortegian suterik berriro piztea saiheste aldera; izan ere, helikoptero horrek apar berezia botatzen du puntu arriskutsuenetan (alegia, sutea berriro ere pizteko edo ke narritagarriak igortzeko arriskurik handiena duten guneetan).

Aparra, zabortegia zigilatzeko

Balde oso handi bat erabiliz, helikoptero horrek zigilatzen duen aparra botatzen du; zehazki, A motako biofor-aparra botatzen du, % 0,30ean urarekin nahastuta, eremua hezegarri izateko eta metano-jarioen ondorioz foku berriak berriz aktibatzea zailtzeko. Produktu biodegradagarria da, eta oso eraginkorra, su solidoen aurrean duen biskositateagatik. Halaber, lanean ari dira, ondorengo orduetan "zigilatzen duen lur-sistema bat ezartzeko, inpermeabilizatzen duen aparreko sistema bat".

Halaber, mendi-magala egonkortzeko lan egiten ari dira astelehen honetan, "ahalegin guztiak Alberto eta Joaquin topatzeko lanetan bildu ahal izateko" (hilaren 6ko luiziaren ondorioz, lurperatuta daude). Hain zuzen ere, erreskate-zerbitzuak 2. gunea izenekoan daude, aurreko egunetan lanean izan diren eremua oso ezegonkorra baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Ermua Eibar Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Zaldibar Ingurumena Mendi-magaletako lur-jausiak Durangaldea azken ordukoa