Gizartea -

Koronabirusa

Beste sei pertsona hil dira Arabako adinekoen egoitzetan eta bost Gipuzkoakoetan

Araba da adinekoen egoitzetan heriotza gehien izan dituen lurraldea, orain arte 88.

Adinekoen egoitza. Argazkia: EiTB
Adinekoen egoitza
Adinekoen egoitza. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean izandako sei heriotza berrien ondorioz, 88 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz  mota horretako zentroetan Araban.

Arabako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, joan den astelehenean, apirilaren 6an, egindako azken eguneraketari dagozkio datu horiek.

Zehaztu duenez, hildako sei pertsonetatik hiru ospitalean hil ziren. "Datu horiek azken asteotan zenbait egoiliarren osasuna okertzen ari den egoerei erantzuten diete", adierazi du.

Koronabirusak eragindako osasun krisia hasi zenetik 88 pertsona hil dira guztira. Heriotza gehienak ospitaleetan izan dira (49) eta 39 egoitzetan.

Era berean, 369 egoiliar dira koronabirusaz kutsatutako kasu positiboak. Egoitzek 32 pertsona eraman dituzte ospitaleetara, osasun egoera larrian daudelako, eta koronabirusa duten pertsona gehienak artatzeaz arduratzen dira (327).

Gipuzkoari dagokionez, azken orduetan beste bost pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz, eta orain arte 51 pertsona hil dira. Beste 61 adinekok positibo eman dute, eta 279 pertsona kutsatu dira.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, erregistratutako kasu positiboen igoera egoitzetan egindako testen gorakadari dagokio, "Gipuzkoan gertatu den bezala, azken egunean egindako proba kopurua hirukoiztu egin baita".

Azken heriotzak Eibarko Egogain eta San Andres, Donostiako Berra, Zumarragako Argixao eta Zarauzko Santa Ana egoitzetan izan dira.

Gainera, lurraldeko 65 egoitzetatik 15ek koronabirusen kasu positiboak dituzte dagoeneko, Irungo Ama Xantalen zentroak azken orduetan kutsatu bat izan baitu. Orain arte, 40 egoiliar eraman dituzte Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora, eta 28 ospitalean daude.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa Arabako Foru Aldundia Adinekoei buruzko albisteak