Gizartea -

Koronabirusa

157 heriotza baieztatu eta 20 "susmopean" Bizkaiko egoitzetan, COVID-19agatik

Arabako egoitzetan beste hiru hildako izan dira, eta zortzi gehiago Gipuzkoako zentroetan.

Lurraldeko 155 egoitzetatik 39tara iritsi da koronabirusa. Argazkia: Efe.
Adinekoen egoitza bat
Lurraldeko 155 egoitzetatik 39tara iritsi da koronabirusa. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira, 157 pertsona hil dira Bizkaiko adinekoen egoitzetan covid-19ak jota, osasun krisia hasi zenetik, eta 20 pertsona gehiago kutsatuta egon zitezkeen hil zirenean. Guztira, 824 lagun kutsatu dira koronabirusarekin zentro horietan.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Bizkaiko adinekoen egoitzetan izandako heriotza kopuruaren berri eman du gaur, Batzar Nagusietan egindako agerraldian.

Rementeriaren arabera, datu horiek guztiak Fiskaltzara bidali dituzte, eta lurraldeko 155 egoitzetatik 39tan koronabirusak kutsatutako 824 lagunetatik 418k dagoeneko koarentena egin dutela azpimarratu du. 155 egoitza horietako 200 langile bajan daudela ere zehaztu du, covid-19an positibo eman dutelako.  

Ahaldun nagusiak ukatu du Aldundiak egoitzetan hildakoen inguruko datuak ezkutatu izana; agintariei egunero ematen dizkietela eta, "motiborik gabe alarmarik eta minik ez pizteko", hilean behin iragartzen dituztela azaldu du.

Arabako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean erregistratutako hiru heriotza berrien ondorioz, 121 pertsona hil dira koronabirusagatik mota horretako zentroetan. Hala ere, kutsatutako pertsonen kopuruak behera egiten jarraitzen du, test gehiago egin arren, 370, eta sendatu diren egoiliarren kopurua 50eraino igo da.

Ohar baten bidez, Arabako Foru Aldundiak nabarmendu du behera egiten jarraitzen duela kutsatutako pertsonen kopuruak, nahiz eta testa egiten ari direnen kopuruak gora egin.

Osasun krisia hasi zenetik, 121 pertsona hil dira. Gainera, kutsatutako pertsonen kopuruak beheranzko joerarekin jarraitzen du (370), aurreko egunean baino 5 pertsona gutxiagorekin.

Egoitzak arduratzen dira koronabirusa duten pertsona gehienak artatzeaz (344), eta pertsona horietatik 26 ospitaleetara bidali dituzte, osasun egoera larrian daudelako.

Kasu positibo guztietatik, 222 Araban dauden zentro pribatuen erabiltzaileak dira, 140 foru-egoitzetan bizi dira, eta gainerako zortziak lurraldeko udal ekipamenduetan. Ezintasunen bat dutenentzako egoitzetan ez da aldaketarik izan.

Gipuzkoari dagokionez, guztira zortzi adineko hil dira egoitzetan azken orduetan, eta, ondorioz, 125era igo dira Covid-19ak eragindako heriotzak. Gainera, zentro horietako 23 erabiltzaile sendatu dira, eta 13k positibo eman dute gaixotasunean.

Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramaileak Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoeraren eguneroko balantzea egin du. 65 zentrok osatzen dute sarea, eta 5.425 pertsona artatzen dituzte bertan.

Hala, azken orduetan 23 pertsona gehiagok gainditu dutela gaixotasuna Gipuzkoako egoitzetan jakinarazi du. Guztira, 54 lagunek jaso dute alta.

Ostegunera arte, 54 pertsona berreskuratu dira, 125 hil dira eta 296k positibo eman dute Covid-19an. Gainera, 42 pertsona Gurutze Gorriak Donostian duen zentroan daude, eta 33 ospitalean daude.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Gizartea Unai Rementeria Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa olatu berria Euskadiko adinekoak Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak Arabako Foru Aldundia