Gizartea -

Koronabirusa

Gasteizko Udalak kirol-instalazio eta igerilekuetako kuoten zati bat itzuliko du

Itzuliko den kuotaren zatia, COVID-19 koronabirusaren pandemiaren eraginez itxita mantenduko diren epearen araberakoa izango da.

Mendizorrotza Polikiroldegia. Argazkia: Gasteizko Udala
Mendizorrotza Polikiroldegia. Argazkia: Gasteizko Udala
Mendizorrotza Polikiroldegia. Argazkia: Gasteizko Udala

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalak kirol-instalazio eta igerilekuetako kuoten zati bat itzuliko duela jakinarazi du, eta zati hori COVID-19 koronabirusaren pandemiaren eraginez "itxita mantenduko diren epearen araberakoa" izango da.

Hala adierazi du astearte honetan Livia Lopez Osasun eta Kirol zinegotziak. Ez du zenbateko zatia itzuliko duten zehaztu, ezin baita jakin noiz arte iraungo duten indarrean alarma egoeraren neurriek.

"Ez badago jarduerarik ezta igerilekurik, zerbait egin beharko da kuotekin, itxita dauden bitartean", esan du Lopezek, eta, gogoratu du, 96.000 gasteiztar baino gehiagori eragiten diela gai honek.

Etorkizunean egin ahalko diren kirol-ekintzei begira, hauxe adierazi du Gasteizko Udaleko Osasun eta Kirol zinegotziak: "Kirolari dagokionez, osasun agintariek diotenaren zain gaude. Erabakiak bateratuak izan behar dira, eta horretarako koordinatuta gaude Euskadiko hiriburuekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Guztion artean erantzun bateratua eman nahi dugu".

Udalak 27.000 maskara baino gehiago lortzeko 170.000 euro ordaindu dituela zehaztu du. Beste 26.000 maskara ere eskuratu dituela ere gaineratu du; batzuk beste erakunde batzuetatik jasota, eta gizarte-talde ezberdinek emanda beste batzuk.

Etxeko laguntza eskaintzen duten langileek salatutako banakako babes-ekipamenduen faltagatik oposizioko alderdien kritikak jaso ditu udal-gobernuak, eta Livia Lopezek esan du, 11.000 maskara eta 9.000 eskularru pare eman zitzaizkiela martxoa eta apirila artean, hiru txandatan, Udalera "Eudelen materiala iritsi zenean". "Material gehiago izatea nahiko genuke, baina daukagun guztia eman dugu ahalik eta material gehiena lortzeko ahalik eta denbora gutxienean", erantsi du.

Osasun eta Kirol zinegotziak, Udaleko krisialdi-mahaiak pandemia nola kudeatu duen goraipatu du. Prebentziozko informazioan, elikadura eta ostalaritza sektoreetan, animalien zainketan, desinfekzioan eta babes-materialaren kudeaketan, egin duen lana ere azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Koronabirusa Kiroldegiak