Gizartea -

KORONABULOAK

Ez, ez da lixibarik bota behar komunetik behera koronabirusa ezabatzeko

Adituek baztertu egiten dute gure etxeetako hustubideetatik lixiba isurtzea, "ingurumen-arazoak" eragin baititzake. Gainera, ez da SARS-CoV-2 birusik antzeman tratatutako hondakin-uretan.

WhatsApp bidez zabaldutako ur zikinei eta koronabirusari buruzko buloaren irudia. Argazkia: EiTB
WhatsApp bidez zabaldutako ur zikinei eta koronabirusari buruzko buloaren irudia.
WhatsApp bidez zabaldutako ur zikinei eta koronabirusari buruzko buloaren irudia. Argazkia: EiTB

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

WhatsAppetik zabaldu den mezu batek etxeetako komun, konketa, bainuontzi, dutxa, harraska eta abarretatik behera "lixiba katilu bat" hustea gomendatzen die herritarrei, ustez "hondakin-uren sisteman hazten eta ugaltzen ari den koronabirusaren hedapenari aurre egiteko". Alabaina, adituek baztertu egin dute aukera hori, tratatutako hondakin-uretan ez baita SARS-CoV-2 birusik antzeman orain arte, eta, hartara, hustubideetan lixiba ez isurtzea gomendatzen dute, ingurumenerako arrisku larriak ekar ditzakeelako.

Aipatu mezuak honako hau dio (jatorrizkoa, gaztelaniaz):

"ATENCION :

Por favor agregar una taza de lejía en cada canalización de sus inodoros, lavabos, bañeras, duchas, fregaderos, etc.... Las autoridades holandesas han descubierto que el virus está creciendo y multiplicándose en el sistema de aguas residuales. Descubrieron que incluso las personas que estaban confinadas en sus casas cogieron el virus y decidieron analizar el agua y todo el sistema de aguas residuales y encontraron el virus activo en las alcantarillas. Pida a todos sus conocidos que hagan lo mismo. Todos los desinfectantes fuertes y corrosivos como Lysol pueden desempeñar el mismo rol pero la lejía concentrada es la mejor opción.

Que corra la voz"

Edukiarekin kezkatuta, hainbat erabiltzaile jarri dira gurekin harremanetan 600 900 454 zenbakiaren bidez, hau da, #Koronabuloak geldiarazteko EiTBk martxan jarritako WhatsApp zerbitzuaren bitartez. Horren aurrean, gure ohiko kolaboratzaileetako batengana jo dugu: Eva Caballero kazetariak Radio Euskadin zuzentzen duen La Mecánica del Caracol dibulgazio-programako komunitate zientifikoarengana, hain zuzen ere.

Oraingo honetan, Segurako Edafologia eta Biologia Zentroko (CEBAS-CSIC) ikertzailea den Ana Allende doktorearena da ekarpena. Hura ikerketa bat ari da zuzentzen du SARS-CoV-2 birusa hondakin-uretan antzemateko, zaintza epidemiologikorako metodo gisa balio dezan.

Ez dago birus infekziosorik hondakin-uretan

Allenderen esanetan, bere ikerketan orain arte ez da birus infekziosorik detektatu hondakin-uretan, eta koronabirusaren kasuan, aukera hori "nulua edo oso, oso baxua" dela uste du; izan ere, "ingurumenean duten biziraupena oso txikia" da, SARS-CoV edo MERS-CoV bezalako antzeko birusentzat dagoen literatura zientifikoa aintzat hartuz gero.

Hala, CEBASko ikertzaileak azaldu duenaren arabera, ikerlanean aztertzen eta antzematen dena "birusaren material genetikoaren (RNA) kontzentrazioa" da, eta ez birusaren presentzia bera. Horrela, azterlanean aztertutako hirugarren tratamenduko uretan ez dela "RNA trazarik" agertu adierazi du. Hirugarren tratamenduko ur horiek dira araztegi batean hirugarren arazketa-prozesutik igaro eta ureztatzeko ur gisa erabiltzeko edo ibaietara edo beste ur-eremu batzuetara iraitziak izateko gutxieneko baldintzak betetzen dituztenak. Allenderen hitzetan, horrek erakusten du araztegietan aplikatzen diren tratamenduek hondakin uretan dagoen RNA "erabat hondatzen" dutela.

Halaber, Allendek ohartarazi duenez, "hondakin-ur gordinen (tratatu gabeen) manipulazioa ezarritako prebentzio-neurri guztiak kontuan hartuta egin behar da beti", eta koronabirusa dela-eta "neurri horietako bat bera ere" ez dela areagotu behar azpimarratu du, hura "birus galkorrenetako bat baita".

Gainera, honako galdera hau bota du: "Ez badugu lixibarik botatzen birus askoz erresistenteagoak daudela dakigunean, hala nola enterobirusak (gastroenteritisa edota beherakoa eragiten dutenak, besteak beste), zergatik egingo ditugu orain ezertarako balio ez duten jarduera batzuk?"

"Desinfektatzeko tratamenduak saneamendu publikoko erakundeetan egin behar dira, ez bakoitzak bere etxean, inolako kontrolik gabe, konponbideak baino arazo gehiago ekar baititzake horrek", iritzi dio.

Ana Allendek joan zen maiatzaren 19an parte hartu zuen La Mecánica del Caracol saioan, eta bere solasaldia 27. minututik aurrera entzun daiteke.

Balizko ingurumen-arazoa

Bestalde, Maldita.es webguneko zientzia-gaiak garatzen dituen Maldita Ciencia atalak jasotzen duenez, "mundu guztia hustubideetatik lixiba botatzen hasiko balitz, kaltegarria izango litzateke zeharo ur-araztegientzat eta, ondorioz, ingurumenarentzat".

"Hondakin-urekin batera lixiba kopuru handiak iritsiko balira, litekeena da hondakin-ura arazteko tratamendu biologikoetan erabiltzen diren bakterioak kaltetzea. Horrek arazo larria ekar lezake, ezingo litzatekeelako ura behar bezala eta araudiaren arabera araztu, ibaietara itzuli aurretik". Hala dio Carlos Gutierrez Jimenezek, hondakin-uren araztegi batean lan egin eta Maldita Ciencian parte hartzen duenak.

Hustubideetako ura ez da inoiz nahasten kontsumorako urarekin

Bestalde, genetikan, mikrobiologian eta birologian aditua den Joaquin Ruiz biologoaren hitzetan, "ez dago gure etxera hondakin-urak iristea ahalbidetzen duen zirkuiturik", eta, horregatik, hondakinei substantzia kimiko gehiago ez gehitzea gomendatzen du, "ez baitira gizakiengana bueltatzen, baina bai, ordea, uretako ekosistemetara, eta horiek larriki kaltetu ditzakegu".

La Mecánica del Caracol programako komunitate zientifikoarekin eta Maldita.es atariarekin ez ezik, Euskal Irati Telebista VOST Euskadirekin (Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea) ere elkarlanean ari da koronabirusaren inguruan azaltzen diren albiste faltsu eta zurrumurruei aurre egiteko asmoz.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa