Gizartea -

Koronabirusa

COVID-19aren kasuek gora egin dute Nafarroan, 21 azken 24 orduetan

EAEn hildako bat eta beste zazpi positibo izan dira koronabirusaren ondorioz. Murgak lasaitasun mezua helarazi die Orioko herritarrei, azken egunetan kasuak pilatu baitira bertan.

Tenperatura hartzen. Argazkia: Efe
Tenperatura hartzen. Argazkia: Efe
Orioko agerraldiarekin lotura duen 6. positibo bat atzeman du Osasun Sailak

1:28

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemiak beste hildako bat eta zazpi positibo berri utzi ditu azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako azken datuen arabera. Guztira, 1.604 hildako utzi ditu COVID-19ak EAEn pandemia hasi zenetik.

Kutsatuei dagokienez, 7 positibo berri atzeman dituzte PCR proben bidez: 3 Araban, 1 Gipuzkoan eta 3 Bizkaian. Gainera, test azkarren bitartez ez dute positiborik atzeman. Atzo 1.492 proba egin ziren guztira (1.471 PCR eta 21 test azkar).

Udalerriei erreparatuta, Gasteizen eta Bermeon bina kasu atzeman dituzte, eta bana Zanbranan, Portugaleten eta Orion.

Bestalde, atzo COVID-19rik gabeko 8 pertsona erregistratu ziren (gaixotasuna izan ondoren PCR negatiboa dutenak), eta 2k alta jaso zuen ospitalean.

Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi duenez, normaltasun berri honetan Osasun Sailak eta Osakidetzak "erne jarraitzen dute, kasuak arakatzeko, detektatzeko eta isolatzeko".

Horren harira, lasaitasun mezua helarazi die Orioko herritarrei, azken egunetan kasuak pilatu baitira bertan. Dagoeneko 50 PCR inguru egin dituzte kontaktuen azterketaren barruan, eta azken emaitzak negatiboak izan dira. Osasun Sailak gezurtatu egin du kutsatzeak merkataritza-jarduera bati lotuta daudela.

Nafarroan 21 kasu berri izan dira azken egunean

Azken egunean, Nafarroako osasun sistemak 21 COVID-19 kasu positibo zenbatu ditu, erdiak baino gehiago familia eta gizarte eremuko hainbat kasuren kontaktuen azterketatik abiatuta. Gainera, 31 pertsonak ospitalean jarraitzen dute, 10 egunez heriotzarik izan gabe.

Hain zuzen ere, Foru Exekutiboak ohar batean azaldu duenez, azken egunean beste 21 kasu baieztatu dituzte PCR proben biatrtez, hau da, guztira 5.403 kutsatu dira. Gainera, beste ospitaleratze bat izan da, eta 31 dira ospitaleratuta jarraitzen duten gaixoak. Horietatik 28 (atzo baino bi gehiago) gela arruntetan daude eta hiru (bat gutxiago) zainketa intentsiboetako gelan.

Nafarraoko Gobernuak azaldu duenez, kasu berriak familia eta gizarte harremanen esparruan kutsatu direla azaldu du. Kasuen gorakada hori bi eremutan gertatu da: bata iparraldean eta bestea Iruñean eta Iruñerrian.

Igandean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen hiru kasu izan zirela eta larunbatean zortzi kasu berri izan zirela.

Santos Indurain Osasun kontseilariak hedabideei azaldu dienez, astelehen honetako kasuen gorakadak "familia-harremanekin eta harreman sozialekin du zerikusia, ez da osasun zentroen edo zentro soziosanitarioen testuinguruan eman, non horiek blindatzeko prebentzio neurri oso handiak hartzen ditugun".

Nafarroako Gobernua "identifikazio, isolamendu eta kontaktuen jarraipen goiztiarra egiten ari dela" azpimarratu du Indurainek, eta atzemandako kasu gehienak "sintomarik gabekoak" direla gaineratu du. "Transmisioa mozteko detekzio goiztiar baten ondorio da hori", esan du.

Sailburuak azaldu duenez, 21 kasu berrietatik 12 kontaktuen azterketari dagozkio, eta kutsatzeak "familian" gertatzen direnean, Ministerioak ez du berragerralditzat jotzen.

Sintoma arinak edo larriagoak dituztenek, bere osasun zentroarekin edo erizainaren telefonoarekin harremanetan jartzeko eskatu die Santos Indurainef herritarrei.

Sailburuak azaldu duenez, kasu bat diagnostikatzean, "familian, gizartean eta lan arloan egon diren pertsonen jarraipena egiten da". "Identifikatu ditugun kontaktuak, PCR egiten zaielako, esparru horietan izan dira", adierazi du.

Indurainek "erantzukizun indibiduala eta kolektiboa" eskatu du kutsatzeak geldiarazteko. "Egoera ahul batean gaude, eta denok ari gara lanean, kontzientziatzen eta detekzio goiztiarra egiten. Oso garrantzitsua da pasatu dugun guztia ez ahaztea eta guztion artean erantzukizun horri heltzea", adierazi du, eta maskararen erabilera ere azpimarratu du, distantzia fisiko nahikoa bermatu ezin denean.

Uztailaren 6an egon daitezkeen ospakizunen aurrean har daitezkeen neurri murriztaileen inguruan, Sanferminak bertan behera utzi arren, sailburuak esan du "pilaketak saihestu" behar direla eta "arriskuak saihestuz" erlazionatu behar direla, izan ere, "Zer motatako ekintzek edo egoerek dakarten arrisku handia eta hori saihestu behar dugu".

Hildako bat eta 125 kutsatu berri azken orduetan Espainian

Osasun Ministerioak beste hildako bat gehitu du COVID-19aren ondorioz azken 24 ordutan, eta guztira 28.324 dira. Horrela, 21 pertsona hil dira azken zazpi egunetan.

Azken asteko heriotzak honako hauek izan dira: Andaluzian bat, Aragoin bi, Asturiasen bat, Gaztela eta Leonen sei, Katalunian bat, Valentziako Erkidegoan bat, Madrilen zortzi eta Euskal Autonomia Erkidegoan bat.

Gainera, 125 positibo berri zenbatu dituzte, eta atzo 141 izan ziren. Pandemia hasi zenetik 246.504 pertsona kutsatu dira Espainian.

125 diagnostiko berri horietatik, hiru Andaluzian egin dira, 33 Aragoin, bat Balear Uharteetan, lau Gaztela-Mantxan, hiru Gaztela eta Leonen, 24 Katalunian, hiru Valentziako Erkidegoan, lau Extremaduran, 17 Madrilen, hiru Melillan, lau Murtzian, 21 Nafarroan eta bost Euskal Autonomia Erkidegoan.

Azken astean, 150 ospitaleratze (124.880 guztira) izan dira: zortzi Andaluzian, zortzi Aragoin, bat Balear Uharteetan, hiru Kanarietan, bi Kantabrian, hamabi Gaztela-Mantxan, 27 Gaztela eta Leonen, hogei Katalunian, lau Valentzian, bat Galizian, 50 Madrilen, bat Murtzian, bi Nafarroan, hamar EAEn eta bat Errioxan.

Halaber, zainketa intentsiboetako unitateetan hamar pertsona sartu dituzte: bat Kanarietan, bat Gaztela eta Leonen, hiru Katalunian, bat Valentziako Erkidegoan eta lau Madrilen; 11.638 guztira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Nafarroa EAE albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Deseskalatzea Nafarroako Osasun Zerbitzua