Gizartea -

KORONABIRUSA

EAEk 7 kutsatu erregistratu ditu eta Nafarroak 11 azken orduetan COVID-19agatik

Hildakoei dagokienez, EAEk 3 heriotza gehiago izan ditu COVID-19aren ondorioz, eta Nafarroak ez du heriotza bakar bat ere erregistratu.

Donostia. Irudia: EFE
Donostia
Azken asteetan nabarmen egin dute gora positiboek haur, nerabe eta gazteen artean

1:47

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEk 3 heriotza eta 7 positibo gehiago erregistratu ditu azken 24 orduetan PCR probetan. Horrez gain, 38 kasu detektatu dira test azkarren bidez.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi du koronabirusaren pandemiaren bilakaera; horren arabera, dagoeneko 20.766 pertsona kutsatu eta 1.608 hil ditu EAEn.

Asteartean, 3.712 proba (3.424 PCR eta 288 test azkar) egin ziren EAEn, asteazken honetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren pandemiaren bilakaerari buruzko txostenaren arabera.

PCR bidez atzo baieztatutako positibo berriak 7 dira, aurreko txostenean erregistratutakoak baino bat gutxiago. Lurraldeka, 4 kasu berri atzeman dira Araban, bat Bizkaian eta beste bat Gipuzkoan, eta EAEtik kanpo bizi den pertsona batek ere eman du positibo Osakidetzaren probetan.

Test azkarraren bidez atzo atzemandako kasuak 38 dira, aurreko jardunaldian baino 16 gutxiago. Proba horrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iragandako infekzio bat adieraz dezakete.

Gainera, atzo 28 gaixo sendatu ziren, hau da, PCR negatiboa eman zuten aurretik positibo eman ondoren. Osakidetzaren txostenak jaso duenez, koronabirusa zuten 3 pertsona gehiago hil dira, bezperan baino bi heriotza gehiago.

Osasun Sailak gogorarazi duenez, heriotzen datuak azken 60 egunetan PCR proban positibo eman dutenak jasotzen ditu. Era berean, COVID-19a duten 10 pertsonak zainketa intentsiboetako unitatean jarraitzen dute.

Nafarroari dagokionez, 11 kasu positibo berri baieztatu dira azken orduetan, horietako hiru Nafarroako iparraldean gertatutako fokuarekin lotutakoak.

Kasu berrietatik, 4 sintomadunak dira eta 7 sintomarik gabeak, Javier Remirez presidenteorde eta bozeramaileak emandako datuen arabera. Gaur egun, bi pertsona daude ZIUn eta 29 gela arruntetan. Hildakoen kopurua 528koa da.

Beste 2 hildako zenbatu dituzte Espainian, eta kutsadurak 196ra igo dira

Osasun Ministerioak koronabirusarekin hildako beste bi pertsona zenbatu ditu asteazken honetan, azken asteko heriotzak 10era igo dituzte, eta guztira 28.327 izan dira; azken 24 orduetan 196 pertsona kutsatu dira, atzo baino 88 gehiago, eta 246.086 dira dagoeneko.

Madrilen izan da heriotzetako bat, eta positibo gehien izan dituen erkidegoa izaten jarraitzen du, 50 guztira, eta Aragoin baratzezaintza eta frutagintza enpresekin zerikusia duen berragerpenaren ondorioz, heriotza bat zenbatu dute eta 49 kutsatu berri ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea