Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Ikasle talde iraunkorretan, maskararik eta segurtasun distantziarik ez

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Hezkuntza Sailak koronabirusari aurre egiteko protokolo orokor bat landu du datorren ikasturterako. Ikastetxe bakoitzaren ardura izango da kontingentzia plan propioa diseinatzea.

  • Bi ume haurreskola batean.

    Bi ume haurreskola batean. Artxiboko argazkia: EFE

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailan ikasle talde iraunkorrak sortuko dituzte datorren ikasturtean, eta, ondorioz, ume horiek ez dute maskararik jantzi beharko, ezta 1,5 metroko segurtasun-distantzia zaindu beharko ere.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak koronabirusari aurre egiteko protokolo orokorra landu du, eta ikastetxe bakoitzaren esku egongo da 2020-2021 ikasturterako kontingentzia plan propioak diseinatzea, irizpide horiek kontuan hartuta.

Jaurlaritzaren planak hiru agertoki posible aurreikusten ditu datorren ikasturterako: lehen agertokia normaltasunarena izango litzateke eta, betiko moduan, aurrez aurreko klaseak irailean hasiko lirateke; bigarrenean, jarduera presentziala eta telematikoa uztartuko lituzkete; eta hirugarrena konfinamenduarena izango litzateke (beraz, ikastetxeak itxita egongo lirateke).  

Hezkuntza Sailak azpimarratu du zentroak prest egon beharko direla pandemiaren bilakaeraren arabera egokitzeko.

Prebentzio neurriak

COVID-19aren sintomak (37 gradu, eztul sikua, eztarriko mina, arnasketarako arazoak…) izanez gero, eskolara ez joateko agindua eman dute.

Oro har, 1,5 metroko segurtasun-distantzia gorde beharko da, tarte hori errespetatu ezin bada maskara erabili beharko da, eskuak sarri garbitu beharko dira eta taldeko jardueratan parte-hartzaileen kopurua murriztuko dute.

Hori da irizpide orokorra, baina salbuespenak ere izango dira. Horrela, bada, Haur Hezkuntzako umeek ez dute maskararik jantzi beharko.

Halaber, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, talde iraunkorrak sortuko dituzte, ikasleak tutoreekin soilik egon daitezen. Kasu horietan, ez dute segurtasun-distantzia mantendu beharko, ezta maskararik jantzi beharko ere.

Irakasleei dagokienez, maskara janztea borondatezkoa izango da aipatu kurtsoetan, eta derrigorrezkoa gainerakoetan, segurtasun-distantzia mantendu ezin denean.

Ikastetxeen ardura izango da irakasleei eta langileei maskarak ematea. Ikasleek etxetik eraman beharko dituzte, eta horretarako baliabiderik ez dutenen kasuan, zentroak bermatu beharko die.

Ordutegi ereduak

Normaltasun egoeran, Haur eta Lehen Hezkuntzako klaseak goizez eta arratsaldez emango dituzte, baina zentro bakoitzak aukera izango du erabakitzeko astean behin arratsalde bat libratzea, betiere asteko ordu kopurua betez gero.  

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, kurtso guztia lanaldi jarraituan egin ahalko da.

Batxilergoan, klaseak Internet bidez emateko aukera egongo da, lehenengo mailan gehienez lau orduz eta bigarren mailan gehienez hiru orduz.  

Bigarren agertokian egonez gero, Haur eta Lehen Hezkuntzan klaseak aurrez aurrekoak eta goizez izatea lehenetsiko dute. Hirugarren agertokian, berriz, ez da klase presentzialik egongo.

Jangeletako zerbitzuak normaltasunez funtzionatuko du lehen agertokian, eta bigarrenean, ikasle zaurgarrienei soilik emango zaie eskolan bazkaltzeko aukera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena