Gizartea -

KORONABIRUSA

EAEk 16 kutsatu erregistratu ditu eta Nafarroak 9 azken orduetan COVID-19agatik

Gipuzkoan erregistratutako 9 positiboetatik 3 eta EAEtik kanpoko 2 positiboetatik bat Orioko fokuarekin lotuta daude.

Bilbo (Bizkaia). Irudia: EFE
Bilbo (Bizkaia)
EAEn hildako 1 eta 16 positibo berri atzeman dituzte azken 24 orduetan

2:47

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn beste hildako bat eta 16 positibo atzeman dira azken 24 orduetan PCR proben bidez. Kasu berri horietako gehienak, 9, Gipuzkoan erregistratu dira, eta horietako hiru Orion izandako agerraldiari dagozkio. Guztira, 13 pertsona positibo daude Orioko agerraldiari loturik.

Nekane Murga Osasun sailburuak datu horien berri eman du Gasteizen izandako prentsaurrekoan. Berak azaldu bezala, azken 24 orduetan 4.713 proba (4.386 PCR eta 327 test azkar) egin dituzte, eta atzo 43 kasu detektatu ziren "test azkarren" bidez.

Era berean, jakinarazi du azken orduetan COVID-19a izan duten 37 pertsonak negatibo eman dutela PCR probetan eta 5ek ospitaleko alta jaso dutela. Guztira, 10 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan.

PCR proban izandako 16 positibo berrietatik, 4 Araban erregistratu dira, bat Bizkaian, 9 Gipuzkoan. Gainerako bi positiboak ohiko bizilekua EAEtik kanpo duten pertsonak dira.

Osakidetzak kolektibo espezifiko gehiagotara zabaldu ditu probak

Osakidetzak 150.000 proba egin ditu pandemia hasi zenetik osasun-eremuan eta soziosanitarioan, PCR eta test azkarrak kontuan hartuta. Proba horiez gainera, beste 18.500 egin zaizkie zenbait kolektibo espezifikori.

Hala, probak egin dizkiete jadanik Ertzaintzako langileei, suhiltzaileei, udaltzainei, etxeko laguntza zerbitzuko langileei, DYAko profesionalei eta farmaziako langileei; test serologikoen % 4k baino gutxiagok eman du positibo, eta 5 PCR positibo baino ez dira egon. Gainera, maiatzean probak egin ziren arrantzaren sektorean eta espetxeetan; azken kasu horretan, egindako proba serologikoetan intzidentzia % 1 baino txikiagoa izan zen eta ez zen PCR positiborik egon.   

Orain, beste lanbide batzuetako langileak aztertzen ari dira: odontologoak, gizarte-laguntzaileak, garraio publikoko eta adingabeen zentroetako profesionalak eta sasoikako langileak, besteak beste. Era berean, beste kolektibo batzuk aztertuko dituzte gero: fisioterapeutak, medikuen elkargoak, optometristak…

9 kasu berri Nafarroan, 2 iparraldeko agerraldiarekin lotuta

Nafarroari dagokionez, azken orduetan 9 kasu positibo erregistratu dira; horietako bi iparraldean 16 kutsatu eragin dituen agerraldiarekin lotuta daude, osasun agintariek gainbegiratzen jarraitzen dutena. Hildakoen kopurua, berriz, egonkorra da duela hamahiru egunetik, 528.

Osasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, tokian tokiko udalekin eta lehen mailako arretako osasun-profesionalekin harremanetan jarri dira eta areagotu egin dituzte kontaktu estuak eta proba diagnostikoak (PCR) arakatzeko neurriak. Oraingoz, ehundik gora pertsonarekin jarri dira harremanetan.

Gainera, ostegun honetan inguruko lantoki bateko langileetara zabaldu ditu probak (150 langile inguru). Enpresa horretan gizarte- eta familia-esparruko hasierako fokuarekin loturak atzeman dira, baina ez du ospitaleratzerik eragin, oraingoz. Bilaketa ez da amaitu, eta, beraz, ez da positibo berririk baztertu behar.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Ospitalez Kanpoko Larrialdi Zerbitzuak, Refenan lan egiten duenak, bi talde bidali ditu Nafarroako iparraldeko eremu horretara, Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuarekin koordinatuta, azterketa sistematiko hori errazteko.

Gaur egun, PCR probek 5.436 kasu baieztatu dituzte Nafarroan epidemia hasi zenetik, 29 pertsona daude ospitaleratuta (horietako 2 ZIUn) eta 13 egunez ez da heriotzarik izan.

3 heriotza eta 157 kutsatze azken 24 orduetan Espainian

Osasun Ministerioak azken 24 orduetan hiru hildako gehiago eta 157 kutsatze berri izan direla jakinarazi du, hau da, 28.330 hildako (11 azken 7 egunetan) eta 247.486 infekzio (1.760 aldi horretan).

157 kutsatze berri izan dira, horietatik 47 Aragoin, 39 Madrilen, 32 Andaluzian eta 11 Katalunian, erkidegoek Osasun Sailari emandako datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea